Ekintzaileek bihartik aurrera eska ditzakete Lanbideren dirulaguntzak

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 18a, 15:53

Azpeitiko Udalak kudeatuko ditu Urola Erdi osoko –Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil eta Beizama– ekintzaileen eskaerak. Negozio ideia bat duten ekintzaileek nahiz bideragarritasun plana dagoeneko landuta dutenek eska ditzakete laguntzak. Abenduaren 19a da eskaerak egiteko azken eguna. 

Eskualdeko ekintzaileei zuzendutako laguntzak eskatzeko epea ireki du Lanbide enplegu zerbitzuak. Azpeitiko ekintzaileen eskaerak ez ezik, Urola Erdi osokoenak –Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil eta Beizama– kudeatzeaz arduratuko da Azpeitiko Udala. Beraz, udaletxean aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek beren proiektuak eta eskaerak; bihar, ostirala, zabalduko dute horretarako epea, eta abenduaren 13an amaituko da. Bi motatako laguntzak izendatu ditu Lanbidek: batetik, negozio ideia bat duten ekintzaileentzako lerroa, eta bestetik, bideragarritasun plana dagoeneko landuta duten eta jarduera abian jartzeko azken bultzada behar duten ekintzaileei bideratutakoa.

Negozio bat abiatzeko ideia dutenen kasuan, bi hilabetez negozioaren azterketa lantzeko konpromisoa eskatzen dute deialdian. Adinaren eta generoaren arabera, onartutako eskaerek 1.000 eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute. Urola Erdian aurkezten diren eskaeren artean, gehienez zortzi onuradunen proiektuak lagunduko ditu Lanbidek. Bestalde, jarduera abian jartzeko laguntzari dagokionez, hiru hilabeteko dedikazioa eskaintzeko konpromisoa eskatzen da, eta epe hori amaitu ondoren, enpresa abian jartzekoa ere bai. Hori horrela gauzatzen bada, adinaren eta generoaren arabera, 1.500 eta 1.950 euro bitarteko laguntza jasotzeko aukera izango dute beste zortzi ekintzailek. Onartutako ideien eta proiektuen tutorizazio prozesua abenduaren 15ean hasiko da.

Eskaera orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek: errolda agiria, Lanbiden izena emanda daudela adierazten duen ziurtagiria, bizitza laborala eta Ogasunean, jarduera ekonomikoen zergan, azken urtean altan ez direla egon adierazten duen ziurtagiria. Horrez gain, negozio bat abiatzeko ideien laguntzetara aurkezten direnek beren proiektuaren deskribapena aurkeztu beharko dute, eta jarduera abian jartzeko lerrora aurkezten direnek bideragarritasun plana.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide