Julen Alberdi 'Txikia IV.a' aizkolariak hirugarren postua lortu du Gipuzkoako Aizkora Txapelketan

Andoni Elduaien 2021ko aza. 14a, 13:29
Txikia aizkolaria, eskuinean. (Ibon Errazu)

Larrañaga azpeitiarrak irabazi du txapela, eta hark baino lau minutu eta 38 segundo gehiago behar izan ditu Txikiak. Datorren asteburuan Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko du azkoitiarrak.

Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolaria hirugarren sailkatu da gaur, igandea, Gipuzkoako Aizkora Txapelketan. Beasaingo (Gipuzkoa) Antzizar kiroldegian jokatu dute lehia, eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra izan da lanak azkarren amaitu dituen aizkolaria. Larrañagaren ondoren eta Txikiaren aurretik sailkatu da, Eneko Otaño beizamarra.

Aizkolariek hamar enbor ebaki behar izan dituzte lanak amaitzeko; zehazki, 54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste lau eta 72 ontzako bi. Larrañagak 29.38,8 [29 min 38 s] behar izan ditu lanak amaitzeko; Otañok, 30.31,2 [30 min 31 s]; eta Txikia azkoitiarrak, 34.16,6 [34 min 16 s]. Hiru aizkolari horien atzetik sailkatu dira, Ugaitz Mugertza, Iñaki Azurmendi eta Jesus Mari Mujika. Datorren igandean, azaroak 21, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko du azkoitiarrak, Bilboko Bilbao Arenan.

Hona hemen sailkapena osorik:

1- Mikel Larrañaga [29 min 38 s] 

2- Eneko Otaño [30 min 31 s]

3- Julen Alberdi Txikia IV.a [34 min 16 s]

4- Ugaitz Mugertza [35 min 13 s]

5- Iñaki Azurmendi [36 min 17 s]

6- Jesus Mari Mujika [39 min 36 s]

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide