Anaitasunako neskek garaipen handia lortu dute Zarautzen; mutilek astindua jaso dute Eibarren

Andoni Elduaien 2021ko aza. 14a, 08:45
Nesken taldeko kideak, Zarautzen, garaipena ospatzen. (Anaitasuna)

Neskak 0 eta 3 irabazi zuten atzo arerio zuzen baten etxean. Mutilek, berriz, bost gol jaso zituzten Eibarko (Gipuzkoa) Unbe zelaira egindako bisitan. Biek ala biek sailkapenaren goiko postuetan jarraitzen dute.

Anaitasuna futbol klubaren bi talde nagusiek aurpegi bana erakutsi zuten atzo, zapatua, Zarautzen eta Eibarren (Gipuzkoa). Nesken taldeak 0 eta 3 irabazi zuen Zarauzko Asti Txiki zelaian, eta mutilenak 5 eta 0 galdu zuen Eibarko Unbe zelaian. Biek ala biek arerio zuzenak izan zituzten zelaian aurkari.

Anaitasunaren nesken taldeak Zarautzen lortutako garaipenari esker, gertuago dituzte orain igoera postuak. Oihane Ucinek atsedenaldira iritsi aurretik egindako golak ireki zien Anaitasunako neskei garaipena lortzeko bidea. Zarautz sailkapenean aurretik zuten neskek, eta noski, hiru puntuak eskuratzeko amaierara arte gogor egin behar izan zuten borroka. Azken minutuetan ebatsi zuen norgehiagoka Anaitasunak. 89. minutuan, Irantzu Albizurik gol ikusgarria lortu zuen; area kanpotik ezkerrez egindako jaurtiketan, baloiak zutoinaren aurka jo eta ate barrurako bidea hartu zuen. Neurketaren hondarrean, berriz, Oihana Goenagak lortu zuen huts eta hirukoa egitea.

Vitoria taldea Anaitasuna baino gehiago izan zen. (Anaitasuna)

Gauzak ezin okerrago joan zitzaizkion, aldiz, mutilen taldeari Eibarren. 27. minuturako hiru gol jaso zituen; lehen biak Mikel Ruiz atezainaren aurrera iritsita lortu zituen Vitoria taldeak, eta hirugarrena gorrixek atzeko lerroan egindako akats baten ondoren egin zuten etxekoek. Saiatu zen Artetxeren taldea markagailuko aldea murrizten, baina Vitoriak beste bi aldiz kolpea eman zuen kolpea Unben. Laugarren gola aldaratze bat baliatuta egin zuten etxekoek, eta bosgarrena kontraerasoan.

Mutilak Espainiako Hirugarren Mailako laugarren multzoko bosgarren postura erori dira porrotarekin; 22 puntu ditu gaur-gaurkoz Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. Datorren larunbatean, Azpeitiko Lagun Onak taldearen aurkako derbia jokatuko dute mutilek Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Neskak, berriz, Emakumezkoen Euskal Ligako laugarrenak dira, 16 punturekin; halere, bigarren eta hirugarren sailkatuek baino neurketa bat gutxiago dute jokatuta gorrixek, eta horiek, hurrenez hurren, hiru eta puntu batera dituzte egun. Datorren larunbatean, Goierri-Gorri taldea izango du aurrean Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide