Ramona's First Evil Boyfriend eta Ro taldeen doinuek hartu dute Baztartxo

Andoni Elduaien 2021ko aza. 14a, 08:45

18:00etan hasi zen Ramona's First Evil Boyfriend taldearen kontzertua, eta ordubete beranduago Ro taldearena. Bi taldeek nabarmendu zuten "kontzertu berezia" izan zela atzokoa.

Atzo, zapatua, Azkoitiko Ramona's First Evil Boyfriend eta Ro musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten, Baztartxo antzokian. Ramona's First Evil Boyfriend bikotea osatzen duten Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue izan ziren lehen emanaldiko protagonistak. Konfinamenduan ondutako taldea da. 2020ko apirilean grabatu zituzten beren lehen abestiak, eta urte bereko irailean publikatu zuten zortzi abestiz osatutako lehen proiektua. Ondoren, Azkoitiko eta Azpeitiko musikariek osatutako Ro taldea igo zen agertokira. Post rock instrumentaleko taldea da Ro, eta Gorka Alcaldek, Josu Usobiagak, Iñigo Gonzalezek, Mikel Iraetak eta Iker Amenabarrek osatzen dute boskotea.

Bi musika taldeek azaldu zuten "kontzertu berezia" izan zela Baztartxokoa. Ramona's First Evil Boyfriend Pozok adierazi zuen "lehenengo aldia" zutela Baztartxo antzokian, eta hori beraientzat "oso pozgarria" izan dela. Ro taldeko Iñigo Gonzalezentzat ere "berezia" izan zen atzoko kontzertua. "Zerbait berezia egin nahi genuen oraingoan. Hori dela eta, pantaila jarriko dugu Baztartxon, eta Iraia Bereziartuari, Azpeitiko musika eskolako biolineko irakasleari, parte hartzeko eskatu genion. Horrez gain, Aretxabaletako Triggerri ere gurekin jotzeko proposamena egin genion, hark beste pare bat kontzertutan ere parte hartu izan duelako gurekin, eta hala, beste bi musikari ere inguratu ditugu", azaldu zuen Ro taldeko Iñigo Gonzalezek. Hori horrela, Ro taldea ez zen atzokoan bakarrik aritu, alboan izan baitzuen soka laukotea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide