Eszenaratze onenaren saria lortu du 'K-baret' antzezlanak Donostiako 32. Gazteen Antzerki Topaketan

Andoni Elduaien 2021ko aza. 13a, 16:18
'K-baret' antzezlanean parte hartu duten antzezleak. (Argazkia: Bigoterik Gabea)

Donostiako 32. Gazte Antzerki Topaketan zazpi antzezlanek parte hartu dute, eta horietako bat izan da Azkoitiko Bigoterik Gabea antzerki taldearen 'K-baret'. Epaimahaiak saritu egin du azkoitiarren lana.

Bigoterik Gabea antzerki taldearen K-baret obrari eman diote gaur, zapatua, Donostiako 32. Gazteen Antzerki Topaketako eszenaratze onenaren saria. Donostiako Kutxa Kultur plazan egin dute sari banaketa ekitaldia, eta antzezlanean parte hartu dutenen ordezkaritza zabala izan da bertan. 

Guztira, zazpi antzezlan eskaini dituzte aurten hiriko lau agertokitan, urriaren 12tik 28ra bitartean. Urriaren 20an eskaini zuen azkenekoz Azkoitiko antzerki taldeak beren lana, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Lau urte igaro dira taldeak K-baret deituriko ikuskizuna prestatzen hasi zenetik. 2019ko martxotik hona zazpi emanalditan sarrera guztiak agortu ditu taldeak. 

Topaketak Donostia Gazteriak antolatzen ditu, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin. Dani Gómara, Jon Rodriguez eta Aran Rodas antzezleek osatu dute aurten epaimahaia. Antzerki topaketak 1988-89 ikasturtean jarri zituzten abian, gazteak antzerkira hurbiltzeko, eta talde amateurrak nahiz ez-profesionalak bultzatzeko. Gaur egun, bi kategoriatan banatzen dute lehiaketa. Alde batetik, 14-18 urte bitarteko junior maila dago, eta, bestetik, 18-30 urte bitarteko senior maila. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide