Nerea Machado: "Gizakiok uste dugu ekarpen txiki batekin mundua salba dezakegula"

Julene Frantzesena 2021ko aza. 13a, 10:00
Nerea Machado.

Machadok ongi ezagutzen ditu Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearen barrunbeak. Lanik ez zaie falta gaur egun, ezta horretarako gogorik ere; errefuxiatuei laguntzea dute xede.

Itsas Salbamendu Humanitarioko (ISH) kudeatzailea da Nerea Machado (Azpeitia, 1975). Aurretik ere boluntario lanetan aritutakoa da Azkoitiko bi taldetan, eta ISHn murgilduta dabil azken bi urteetan. Aitortu du ez dela erraza halako erakunde bateko kudeatzailearen lana, "dena burokrazia" delako. Haren arabera, "zaila" da nahia eta ezina kudeatzea.

Oztopo askorekin egiten al duzue topo eguneroko jardunean?

Euskal Herriko politikariek borondate ona dute, baina legeak direnak dira. Hau da, diru laguntza jakin batzuk eskuratzean, gurea bezalako proiektuek ez dute lekurik. ISHren proiektuek ez dute lekurik kooperazioko laguntzetan: martxan ditugun proiektuak larrialdikoak dira. ISH oso erakunde txikia da, eta lagun kuadrilla baten gisan funtzionatu izan du hasieratik. Orain, baina, hartu duen neurriarekin, aldaketa prozesu bat gauzatzen ari gara.

ISHk bi proiektu ditu martxan gaur egun, ezta? Zeintzuk?

Aita Mari ontzian oinarritzen den Maydayterraneo da bata, beharbada ezagunena. Bestea, berriz, Kios [Grezia] uharteko Vial errefuxiatuen kanpalekuko osasun sorospenari lotutakoa da. Kioseko proiektua 2016an sortu zen, ISHren sorrerarekin batera. Sasoi hartan, errefuxiatu asko iristen ziren Greziara, baina beste asko bidean gelditzen ziren. 2018ko maiatzean, Stella Maris berria itsasontzia —gaur egun Aita Mari dena erosi zuen ISHk, Getarian, baina ontzia ez zen atera itsasora 2019ko martxora arte.

Zerk bultzatuta sortu zen ISH?

2015eko irailean Aylan Kurdi haurra Turkiako hondartza batean hilik agertu zenean hasi zen mugimendua. Geldirik egoterik ez zegoela eta, bideari ekin zioten hainbat herritarrek; Greziara joan ziren hango egoera ezagutzera.

Zu noiz batu zinen proiektura?

2016an. Geroago, Aita Mari Pasaian zela eta sukaldari bat behar zutela esan zidaten, eta itsasontzia han zen bitartean langileentzako otorduak prestatzeko pronto agertu nintzen. Ondoren, dibortziatu egin nintzen, lana behar nuen, eta kudeatzaile postua eskaini zidaten. Harrezkero, zera esaten diet kideei: Aita Mari-k itsasora atera aurretik egin zuen lehen erreskatea nirea izan zela.

Lanean hasi aurretik, baina, boluntario jarduten zenuen erakundean. Zerk erakarri zintuen ISHren proiektura?

Aylan Kurdiren irudia ikustean hasi nintzen egoeraz edo errealitateaz jabetzen. Egia esan, beti izan naiz mugitua; talde askotan aritutakoa naiz. Gizarteak aurrera egiteko modu bakarra denok elkarri laguntzea eta bat egitea dela uste dut; bakoitza bere neurrian, baina denok zerbait eginez.

Errefuxiatuen gaiak hartu du leku pixka bat gizartean. ISHren proiektuarekiko atxikimendu handiagoa nabaritzen al duzue?

Uste baino jende gutxiagok ezagutzen du, adibidez, Aita Mari. Inguruko jende askok esan izan dit nire bidez ezagutu duela proiektua; ordura arte ez zuela ezer entzun ISHz eta Aita Mari-z. Oso mediatikoa da Aita Mari, bai, baina hedabideetan arreta jartzen duenarentzat. Telebistan aritzen dira errefuxiatuez, baina erraza da katea aldatu eta ezer entzun ez bagenu bezala jokatzea. Gizartean ez dakit, baina erakundeetan ezagun egin da ISH; oso diru laguntza publiko gutxi jasotzen zuen hasieran, eta orain, askoz gehiago.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide