Giro onean ari dira ospatzen Adinduen Astea San Jose egoitzan

Andoni Elduaien 2021ko aza. 12a, 16:14

Astearteaz geroztik ari dira ospatzen Adinduen Astea San Jose egoitzan. Herriko ikastetxeetako eta eskoletako ikasleen bideo emanaldiez gain, askotariko ekintzak ari dira egiten egoiliarrak.

Adinduen Astea ari dira ospatzen Azkoitiko San Jose egoitzan; aste berezia da han bizi diren egoiliarrentzat. Astearteaz geroztik, askotariko ekintzak ari dira egiten egoitzan, eta urtero moduan, herriko ikasleen emanaldiak eta sukaldaritza nahiz bingo saioak egingo dituzte igandera bitartean. Atzo, esaterako, saukaldaritza tailerra egin zuten arratsaldean, eta bizkotxoa eta kanapeak prestatu zituzten.

Herriko ikastetxeetako eta eskoletako ikasleek aurten ere ez dute parte hartu modu presentzialean, baina haien emanaldiak bideo bidez jarraitzeko aukera izan dute egoiliarrek. Asteartean, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleen emanaldia jarraitu zuten egoitzan, eta atzo, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak ikusi zituzten. Gaur, berriz, Bizilore Eskola Aktiboaren txanda izan da, eta bingo berezia egingo dute.

Asteburuan, ekintza gehiago

Asteburuan ere izango dute zertaz gozatu egoiliarrek. Izan ere, larunbat iluntzean afari berezia izango dute, eta igandean, opari banaketarekin, bazkari bereziarekin eta bazkalosteko trikitixa saioarekin agurtuko dute aurtengo Adinduen Astea.

Argazkiak: Azkoitiko Udala

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide