Ireki dute Azkoitian 'Zubiak eraikiz' argazki erakusketa

Andoni Elduaien 2021ko aza. 11a, 19:00

Gaurtik igandera bitartean ikusi ahal izango da Garapenean Bidelagun aste solidarioko 'Zubiak eraikiz' erakusketa, Azkoitiko Elkargunean. Gaur bezala, bihar ere 17:30etik 19:30era egongo da zabalik aretoa, eta asteburuan, 10:30etik 12:30era bitartean.

Zabaldu dute Azkoitian Zubiak eraikiz izeneko argazki erakusketa. Garapenean Bidelagun aste solidarioaren baitan, hainbat ekintza egingo dituzte herrian abendura bitartean. Ekimen horietako bat da AMS Mundu Solidarioa Helburu taldeak gaur ireki duen argazki erakusketa. 

Zubiak eraikiz elkartrukerako egitasmoa sortu zuten Gipuzkoako eta Nikaraguako hainbat enpresak eta elkartek, aniztasun funtzionala duten Debagoiena eskualdeko (Gipuzkoa) lagunak Diriamba herrira (Nikaragua) joateko, eta hango kideak Debagoienara etortzeko.

Pandemiaren ondorioz, baina, proiektua aldatu behar izan zuten, eta argazki erakusketa bat martxan jartzea erabaki zuten. Debagoiena eskualdeko eta Nikaraguako lagunek pandemia garaira egokitzeko egin duten ahalegina jaso dute argazkietan Ekaitz Zilarmendi eta Leonel Alvarez argazkilariek.

Elkarguneko ‘Oteiza’ aretoan dago ikusgai argazki erakusketa. Gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, 17:30etik 19:30era bitartean egongo dira irekita erakustokiko ateak. Larunbatean eta igandean, aldiz, 10:30etik 12:30era bitartean zabalduko dute aretoa.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide