Ro taldea

Iñigo Gonzalez: "Emanaldi berezia izango da zapatukoa guretzat"

Anartz Izagirre 2021ko aza. 10a, 14:57
Ro taldeak eskainitako kontzertu bateko irudia. (Ainhoa Beristain)

Azkoiti-Azpetiko Ro taldeak Athalase diskoa agurtzeko azken emanaldia eskainiko du zapatuan, Baztartxo antzokian. Beren lehen lanak izandako erantzunarekin "oso gustura" daudela azaldu du Iñigo Gonzalez Gontxalo taldeko gitarra-jotzaileak, eta munduan zehar izandako sona azpimarratu du. Baztartxon eskainiko duten emanaldia ezohikoa izango da, soka laukote batekin batera igoko direlako oholtzara. Ramona's First Evil Boyfriend taldeak ere kontzertua eskainiko du, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Entradiumen, bost euroren trukean.

2020ko martxoan plazaratu zenuten Athalase deituriko zuen lehen diskoa, pandemia bete-betean. Nola gogoratzen duzue orain une hura?

Oso momentu berezia izan zen guretzat. Nahiko garbi genuen zer etorriko zen, eta bira osoa pentsatuta genuen, baina kontzertuak bertan behera gelditu ziren. Amurrion kontzertu bat eman behar genuen, Laudion beste bat… Baina kontzertu horiek ezin izan genituen eskaini. Bideoklip bat ere egin genuen itxialdian, eta lagunei grabazioak bidaltzeko eskatu genien. Aurrerago, Youtubeko WherePostRockDwells kanalean jarri zuten gure diskoa, eta orduan etorri zen. Kanal horretan atera izan ez bagina, gure diskoa ez zen hain ezagun bilakatuko. Munduan zehar disko mordoa saldu ditugu; berredizio bat egin  behar izan dugu, eta atera ditugun ale guztiak saldu ditugu berriro ere. Australian, Alemanian, Belgikan, Herbeheretan… Pasada bat izan da zenbat ale saldu ditugun; normalean kontzertuetan saldu izan ditugu, baina emanaldirik ez genuenez, disko eta binilo gehienak Internetez saldu ditugu.

Gustura al zaudete zuen lehen lanak izan duen harrerarekin?

Bai, oso gustura gaude diskoak izan duen erantzunarekin. Entzuleei, oro har, asko gustatu zaie diskoa. Guk ez dugu abeslaririk, eta melodiarekin iritsi behar izaten dugu entzuleengana. Jendeari ailegatu egin zaio gure musika, eta kontzertuan abestiak entzuten ari direnean, batzuek negar ere egiten dute. Sentimenduen bila joan gara, eta iruditzen zait lortu dugula. Harrera positiboa jaso dugu emanaldietan, eta diskoa entzun duenak kritika onak egin dizkigu, orokorrean behintzat.

Etxetik kanpo ezin izan duzuela nahi adina kontzertu eskaini adierazi duzue. Arantza gelditu al zaizue horregatik?

Bai. Europan zehar bira egin nahi genuen, eta kontua hobetzen ari zela ematen zuenean, duela urtebete edo, hamar egun-edo hartu eta joan egin nahi genuen. COVID-19a kasuen kopurua igotzen hasi zen berriro, ordea, eta bertan behera utzi genuen bira.

Duela hilabete batzuk Barakaldoko Hiriko Soinuak lehiaketa irabazi zenuten. Nola hartu zenuten berria?

Lehiaketa hori irabazita bi sari eman zizkiguten: BECen kontzertua ematea eta diskoa grabatzea. Duela bi aste eskaini genuen kontzertua BECen, eta Pi.L.T. taldeko Aitor Abiorekin diskoa grabatuko dugu martxoan. Gure asmoa da lan berria plazaratzearekin batera, Europan zehar kontzertuak ematea, eta hona itzuli ostean, hemen beste biratxo bat egitea. Sorpresa izan zen guretzat Hiriko Soinuak lehiaketa irabaztea. Egia esanda, beti izan dugu halako lehiaketetan zortea; lehen abestia atera genuenean, Azpeitian Tundra taldearekin jotzeko aukera eskaini ziguten. Bigarren abestia argitaratu genuenean, berriz, Kutxa Kultur egitasmorako aukeratu gintuzten eta hainbat kontzertu eskaini genituen. Donostiako Jazzaldian ere jo genuen, nahiz eta eguraldi txarragatik ia emanaldi guztiak bertan behera gelditu ziren. Beti zortea izaten dugu.

Etxean agurtuko duzue diskoa, zapatuan, Baztartxo antzokian. Zer sentipen duzue?

Emanaldi berezia izango da zapatukoa guretzat. Izan ere, Azkoitian Matadeixen jo izan ditugu kontzertuak beti; han bizpahiru kontzertu-edo eman ditugu. Beste emanaldi bat Sara Zozaya abeslariarekin batera eskaini genuen, eta hark gure kantu batzuk abestu zituen. Zerbait berezia egin nahi genuen oraingoan. Hori dela eta, pantaila jarriko dugu Baztartxon, eta Iraia Bereziartuari, Azpeitiko musika eskolako biolineko irakasleari, parte hartzeko eskatu genion. Horrez gain, Aretxabaletako Triggerri ere gurekin jotzeko proposamena egin genion, hark beste pare bat kontzertutan ere parte hartu izan duelako gurekin, eta hala, beste bi musikari ere inguratu ditugu. Berezia izango da emanaldia, ez delako betikoa izango. Entsegu bakarra egin dugu lau musikari horiekin, eta abestiak betidanik jo izan dituztela zirudien. Haien musikak beste aura bat emango dio zuzenekoari.

Athalase ez duzue oraindik agurtu, eta dagoeneko disko berria prestatzea duzue buruan. Nolakoa izango da zuen lan berria?

Diskoa berriak lehenengoaren ildoa jarraituko du. Zortzi kantu egitea dugu pentsatuta, eta horietatik hiru gutxi gorabehera eginda ditugu dagoeneko. Kanta berriak lehen diskokoak baino indartsuagoak direla esango nuke, lasaitasun eta isiltasun une gutxiago baitituzte, batik bat une horiek diskoan oso ondo sartzen direla ikusi dugulako, baina zuzenean jotzen dituzunean ez dira oso eraginkorrak. Garai hauetan oso ondo etorri zaigu publikoa eserita egotea, bakoitza bere munduan sartzen delako, baina zutik entzuteko aukera eskaintzen duten kontzertuetan zailagoa da; diskoan egiten dena gero zuzenekoetara eramatea gustatzen zaigu guri. Abeslaria duten taldeetan ikus-entzuleek abeslariari begiratzen diote, hark erakartzen du arreta. Guk ez dugu halakorik, eta horregatik, beste zerbait bilatu behar dugu arreta soinuaren bidez erakartzeko.

2017. urtean sortu zenuten taldea. Hasi zinetenetik hona nola eta zertan aldatu da Ro taldea?

Gauzak nahiko erraz atera zaizkigu, hasiera-hasieratik. Bakoitzaren egitekoak hasieran ez zeuden oso zehaztuta, baina horiek lotzen joan garen eta elkar ezagutu dugun heinean, egitekoak banatzen joan gara; batek ikus-entzunezkoak ematen ditu, besteak paper-kontuak, besteak konposizioa… Horrek asko erraztu digu lana.

Urte berriarekin batera, kontzertuak ematen jarraitzeko asmorik ba al duzue?

Kontzertuena ez ezik, beste guztia ere planifikatuta daukagu (barrez). Gure plana da martxora bitartean, kontzerturik eskaini gabe, diskoa prestatzea, nahiz eta zerbait ona ateraz gero, irekita gauden. Diskoa grabatu ondoren, zuzenekoak prestatzen hasiko gara, eta Aste Santuan Europara joan, handik bueltatu eta hemen kontzertuak eskaintzea gustatuko litzaiguke. Hori da plana, baina beste kontu bat da hori betetzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide