BABESTUTAKO EDUKIA

Zuberoan euskarari lagunduz

Maxixatzen 2021ko aza. 10a, 09:36
Eskaerak 'Ikaskoli.eus' atarian egin daitezke, eta Azkoitian bertan jaso daitezke saskiak.

Euskara sustatu, jaki goxoak ahoratuz. Ba al dago hizkuntzari laguntzeko modu errazagorik? Azaroaren 28ra arte dago Zuberoako ikastolen saskiak hartzeko aukera. MAXIXATZENek, gainera, Ahuzki saski bat banatuko du atari honetako zozketan parte hartzen duten bazkideen artean. Bihar da izena emateko azken eguna. 

Bi ikastola ditu Zuberoak: Alozen Basaburun, eta Eperra Sohutan. 2003tik, jakiz osatutako saskiak jartzen dituzte salgai Gabonetarako Ikaskoli egitasmoaren bitartez. Tokiko produktuen mozkinekin osatzen dituzte saskiok, eta horiek erosita, euskara bultzatzen dute herritarrek, bi ikastolei laguntzearekin batera.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, "Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza gutxitua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek bermatzen dute euskararen transmisio hori". Horregatik deritzote garrantzitsua ikastolei herritarrek bultzada ematea.

Iaz, esaterako, 2.200 saski saldu zituzten Euskal Herri osoan, aurreko urtean baino 500 gehiago. Aurtengo kanpaina ere abian da, eta azaroaren 28ra arteko epea dute herritarrek beren saskia eskatzeko. Banaketa, berriz, abenduaren 9an eta 10ean egitea aurreikusten dute. 

Ohi bezala, hiru saski mota daude aukeran: Ahuzki, Irati eta Orhi. Saski mota bakoitzak hainbat produktu ditu. Ahuzki erosten duenak, adibidez, txerriki patea (190 gramo), ahate gibel berrosatua (125 gramo), eztia (500 gramo), bixkotx poltsa artisaua (150 gramo) eta ardi gazta (550 gramo) jasoko ditu saskian.

Irati saskiak, berriz, barruan honakoak daramatza: txerriki patea (190 gramo), ahate gibel berrosatua (125 gramo), axoa, hau da, txahalki xehatua saltsan (640 gramo), Ezti Olha eztia –edo hori faltako balitz, Bortuko eztia– (500 gramo), bixkotx poltsa artisaua (150 gramo) eta ardi gazta (550 gramo).

Azkenik, Orhi saskiaren barruan honako jakiak aurkituko ditu erosleak: ahate gibela (200 gramo), bixkotx gatzatuak (80 gramo), lukainka idorra, azafrai mermelada –hori faltako balitz, Bortuko eztia– (250 mililitro) eta gazta (kilo bat).

Prezio desberdinak dituzte hiru saskiek: Ahuzki saskiak 40 euro balio ditu, Iratik 50 euro, eta Orhik, berriz, 70 euro.

Eskaerak eta banaketa


Eskaera egitea erraza da: ikaskoli.eus web orrian zuzenean aukera daiteke saskia, baita zein tokitan jaso nahi den zehaztu ere. 

Izan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan hainbat gune dituzte prest saskiak jasotzeko. Azkoitian, esaterako, Exposito fruta denda zaharreko lokalean egingo da banaketa.

Saskia zozkatuko du Maxixatzenek


Ikaskoli ekimenak saskia eman dio Maxixatzeni, bazkideen artean Ahuzki saskia zozkatzeko. Hemen dago zozketan parte hartzeko aukera; ostegun honetan amaituko da epea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide