Erretratua

"Lehen pentsaezinak ziren gauzak egitea lortu dugu klubean"

Andoni Elduaien 2021ko aza. 29a, 10:42
Txelu Fernandezen marrazkia. (Gorka LarraƱaga)

Txelu Fernandezek (Azkoitia, 1969) 30 urte bete berri ditu Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldearen zuzendaritzan. 80ko hamarkadan hasi zen herriko klubean xakean jokatzen, baina, orduan, beste zenbait eginkizun ere bazituen taldean. 1991n hartu zuen presidente kargua Fernandezek, eta harrezkero, kluba kudeatzeko "eguneroko lanean" ari da.

1979an, Anaitasuna-Berri izenez hasi zuen ibilbidea egun Anaitasuna- Kakute xake taldea denak. Urtez urte urratsak egiten joan da kluba, eta aldaketa horien eskutik joan da Txelu Fernandez; izan ere, taldearen jarduna ulertzea ezinezkoa da haren lanari aitortza egin gabe. 1983an hasi zen xakean jokatzen, eta honela oroitzen ditu hastapenak: "Gelakide batzuek xake taldean jokatzen zuten, eta lagun baten beharra zuten eskolarteko txapelketarako taldea osatzeko. Niri esan zidaten, eta proba egin ondoren, ohartu nintzen xakea gustukoa nuela. Gogoan dut lehen partida Elgoibarren [Gipuzkoa] jokatu nuela. Ondo joan zitzaigun, eskolarteko finalera iritsi eta bigarren postua lortu baigenuen".

Xakean jokatzen eroso sentitzen zen Fernandez, eta haatik, klubak antolatutako txapelketetan parte hartzea erabaki zuen. Bere hitzetan, "ondo" defendatzen zen taularen gainean. "Nahikoa ondo jokatzen nuen, baina ez egun klubean aritzen diren jokalariak bezainbeste". Halere, kluba kudeatzeak eta epaile lanak gehiago erakartzen zuten Fernandez. Xakeko epaile eta begirale tituluak atera zituen, eta bide horri ekin zion, xakean jokatzeari utzita. "Duela bi urte jokatu nuen azkenekoz xake partida ofizial bat. 25 urtean jokatu gabe nengoen, eta partida bat irabazi eta bestea galdu egin nituen. Orduan bezala ez dut inoiz sufritu xakean".

Erabaki guztien atzean

Xakelari izateari utzi zionean, baina, herriko xake klubaren administrazio arloko lanak egiten hasi zen. "1985. urteaz geroztik, nahiz eta artean ez izan klubeko presidentea, taldearen lanak egiten hasi nintzen modu estraofizialean". Taldeko giroa atsegin zuen Fernandezek, eta 1988. urtera arte segitu zuen azkoitiarrak lan horiek egiten, soldaduskara joan behar izan zuen arte. Egungo presidenteak dioenez, ordurako bazuen klubak zuzendaritza batzorde berria osatzeko asmoa, eta halaxe egin zuten. Azkoitiarra 1990ean itzuli zen soldadutzatik, eta orduan zegoen presidentea "nekatzen hasia" zegoelako, klubak zuzendaritza berria osatzeko beste batzar bat egin zuen. 1991n, zehazki duela 30 urte, hartu zuen Fernandezek Anaitasuna-Kakute xake taldearen zuzendari kargua. "Presidente izateko ez zen inor aurkeztu, eta azkenean, nik hartu nuen kargua. Azken 30 urteak egin ditut ardura horretan, eta orain, ez didate utzi nahi erretiroa hartzen". Azken 30 urteetan, "erabaki asko" hartu behar izan ditu Fernandezek klubak aurrera egin dezan, eta horietako asko, gainera, "bakarrik"; dioenez, "zailena" hori egin zaio. "Orain, maila onean lehiatzen ari diren jokalariak txiki-txikitatik ezagutzen ditut, eta haientzat txapelketak antolatu, gurasoekin hitz egin, udalak emandako dirua aztertu eta kudeatu behar izaten ditugu. Xakea nire zaletasuna da, baina ez da nire ardura bakarra. Lan hori egiteagatik ez dut soldatarik jasotzen, eta gainera, ez dut jaso nahi, egiten dudana gustuko dudalako".

Hitz horien bueltan, bazkideek klubean duten garrantzia "ikaragarria" dela dio Fernandezek. "Presidente bezala gauza bat edo beste egitea erabaki dezaket, baina erabaki hori aurrera eramateko, atzean jendea behar da. Gure taldean, zorionez, segituan elkartzen dira taldekideak guztia antolatzeko". Klubaren irudia zaintzea izan da Fernandezen beste nahietako bat. "Irudia zaintzeaz asko arduratu gara. Horregatik, klubaren webgunea jarri genuen martxan, taldekideen duten lanak herrian oihartzuna izan dezan. Era berean, komunikabideetara ere jotzen dugu, herritarrek gure jarduna ezagutu dezaten. Beste lanketa batzuen artean, klubaren logotipoa ere aldatu genuen duela gutxi".

Anaitasuna-Kakute Gipuzkoako xake taldeen artean erreferenteetako bat da egun, baina horraino iristeko, "garapen handia" izan du klubak, Fernandezen arabera. Txapelketa ugari antolatzen dituzte urte osoan zehar, eta Gipuzkoako Xake Federazioak antolatutako lehietan ere ordezkaritza zabala du taldeak.

Antolatzen dituzten txapelketa horien guztien artean nabarmenenak dira Azkoitia Hiria eta sanandresetakoa. "San Andres Txapelketan, esaterako, lehen ez ziren 30 xakelari ere elkartzen; orain, berriz, 110 lagun biltzen dira, eta sarritan, pertsona kopurua mugatuta. Xakelariak Azkoitira etortzeko irrikitan egoten dira; izan ere, iritsi eta dena jokatzeko prest aurkitzen dute. Azkoitira datozenek segituan antzematen dute aurretik lanketa bat egina duela klubak". Bide beretik, azken urteetan, behin eta berriz ari dira jokatzen Gaztedi txapelketa Azkoitian. "Gainerako klubek ere eska dezakete txapelketa antolatzea, baina federazioak dio ondo antolatzen dugula guk, eta horregatik, nahiago dute txapelketa hemen egitea".

Pandemia garaia zaila izan da xake talde gehienentzat, baina Anaitasuna-Kakutek, Hondarribia eta Gros taldeek bezala, xakean jokatzeko modua aurkitu du. "Talde asko geldirik egon dira, ez dutelako baliabiderik edota ez dutelako arriskurik hartu nahi izan. Guk, nolabait, irtenbideak aurkitu ditugu Interneten xakean jokatzeko".

Iraganeko ildoak etorkizunerako

Iraganak ekarri du xake kluba egun dena izatera, eta orain arteko bideari eutsi nahi dio aurrerantzean ere Fernandezek. Klubak egun dituen helburuak "hasierakoak" dira, presidentearen arabera. "Xakea Azkoitian sustatzea nahi dugu, baita aktibo ditugun lehiaketa guztiei eustea ere. Federazioekin eta inguruko klubekin lankidetzan aritzen gara, eta xake eskola bat ere badugu. Batzuetan, ikasle gehiago izaten dira besteetan baino; pentsa, haurrak lurrean jokatzen ikusitakoa naiz, mahai eta armairu guztiak beteta zeudelako", dio Fernandezek.

Ildoez gain, ordea, Fernandezek etorkizunean lortu nahi dituen asmoak ere baditu buruan. "Klubaren 50. urteurrenaren harira [2029an beteko ditu], gustatuko litzaidake maila handiko txapelketa bat antolatzea herrian, eta bertan gure taldekideren batek parte hartzea. Urteurrena urrun dagoela dirudien arren, berehala iritsiko da". Nazioarteko txapelketak, Maisu Handiekin aldibereko partidak, Gipuzkoako zein Euskal Herriko hainbat txapelketa jokatu dituzte Azkoitian; "lorpen txikiak" dira horiek Fernandezentzat. "Xake klubarentzat lehen pentsaezinak ziren gauzak egitea lortu dugu, eta horregatik, gustura gaude egindakoarekin". Aldibereko partidak antolatzen, egun herrian egiten diren txapelketei eusten eta herritik irteten jarraitu nahi du klubeko presidenteak, "hobetzen jarraitzeko bide bakarra" hori dela uste baitu azkoitiarrak.

Adina: 52 urte.

Ikasketak: Batxilergoa.

Lanbidea: Pintore industriala.

Xake klubeko presidentea ez banintz... kirol kluben bati lagunduko nioke ziurrenik.

Lanetik ateratzean gogoko dut... korrika ez bada, xake klubeko lanak egitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide