Erlojupeko bizilagunak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 23a, 10:21

San Martingo ermitarekin lotura estua dute Iñaki, Alberto, Antonio eta Itziar Sudupek; izan ere, haien etxeak su hartu zuenean hara joan ziren bizitzera. Egun, Antonio bizi da han bere emazte Milagros Zubizarretarekin, baina denek jarraitzen dute, gehiago edo gutxiago, hara joaten. Erlojupeko bizilagunak izan dira.

Urte luzez egindako ikerketek eta aurkikuntzek erakutsi dute balio historiko handiko erakina dela San Martin auzoko ermita, eta horren erakusle da, besteak beste, 1999. urtean eraiki zuten ondarelekua. Historia kontuak alde batera utzita, ordea, ezin da ukatu San Martingo erlojua eta ermita bera dagoen mendixka Azkoitiko leku enblematikoak direnik, eta azaroa gerturatu ahala, esanahi berezia hartzen du leku horrek hainbat herritarrentzat. Piotar familiak ondo baino hobeto ezagutzen du inguru hori, ermitari itsatsita dagoen eraikinean bizi izan baitira denbora luzez. Antonio Sudupe (Azkoitia, 1962), Iñaki Sudupe (Azkoitia, 1960) eta Itziar Sudupe (Azkoitia, 1967) urteak dira bertan bizi ez direla, baina erdiko anaia Alberto Sudupe (Azkoitia, 1961) bertan bizi da oraindik bere emazte Milagros Zubizarretarekin (Azpeitia, 1963). San Martingo ermita dagoen mendixka asko maite dute lau anai- arrebek, baina oroitzapen gazi-gozoak ere badituzte leku hartan, ezinbestean joan behar izan baitzuten hara bizitzera.

Ermitan bizi aurretik, Azkoitiko Errebalean bizi ziren piotarrak amarekin batera, baina beren bizilekuaren aldameneko etxebizitzak su hartu zuen 80ko hamarkadan, eta ezbehar horrek errotik aldatu zuen familia osoaren etorkizuna. Hala dio Antoniok: "Gure etxea hondamendi gisa izendatu zuten, eta esan ziguten handik atera egin beharko genuela. Beraz, gure etxea bota egin behar izan zuten, eta beste etxe bat errentan hartu genuen". Piotarren amak eta osabak ordaintzen zuten errenta, baina diote etxebizitza hura ez zegoela egoera onean: "Etxe hura gaizki zegoen, ez zuen ez dutxarik ez ezer. Hori dela eta, handik atera eta Julio Urkixo kalean beste bizileku bat alokatu genuen. Han egon ginen denboraldi batez". Eta orduan, Julio Urkixon bizitzen zeudela, eskaintza berri bat heldu zitzaien.

Antonio gogoan du zenbat lan egin behar izan zuten etxean guztia ondo jartzeko

"Roman Sudupe zen garai hartan Azkoitiko alkatea, eta hasieran San Martingo etxe hau beste bikote bati eman zieten. Herrian baldintza txarretan zeuden familiei eskaintzen zieten hemen bizitzeko aukera, eta itxura denez, bikote hark zerbait gaizki egin zuen, eta azkenean ez zioten etxea eskaini", azaldu du Antoniok. Orduan, piotarren amarekin bildu zen alkatea, eta San Martinera bizitzera joan nahi al zuten galdetu zieten. "1984-85 urte inguruan izango zen. Ama zenarekin laurok hona etorri ginen bizitzera, eta ordutik, gure familia bizi izan da hemen". Beren ama 2000. urtean hil zen, Antoniok etxea utzi zuen andregaia topatu zuenean, Itziarrek ere bai, kanpoan egiten baitzuen lan, eta Iñakik, aurrerago, etxe bat erosi zuen herrigunean. Egun, beraz, Alberto eta bere emazte Milagros bizi dira San Martinen. "Horixe da gure historia", gehitu du Antoniok.

Iritsiera konplikatua

Lau anai-arrebak ondo baino hobeto gogoratzen dira traste guztiak hartu eta San Martinera bizitzera joan ziren uneaz. Hala dio Iñakik: "Aita Santua Loiolara etorri eta handik bizpahiru urtetara etorri ginen gu hona. Baina etxea ez zegoen orain dagoen moduan, e?". Baietz dio buruaz Itziarrek ere: "Gutxieneko konponketak egin genituen hemen; nik beti diodan moduan, etxe hau ez da gurea, eta edozer gerta daitekeenez...". Kontuak kontu, Antoniok gogoan du heldu zirenean zenbat lan egin behar izan zuten guztia ondo jartzeko: "Oso zaharra zen etxea, eta altzariak erosi behar izan genituen. Auzotarrek ere asko lagundu ziguten: pottetarrek, mutrikutarrek...".

Piotarrentzat San Martinen bizitzea irtenbide bat izan bazen ere, beren etxea utzi behar izanaren arantza izan dute beti, Antonioren arabera: "Tristura handia genuen gure amaren eta aititeren etxea hondamendi deklaratu zutelako. Gauzak gaizki egin zituzten udaletxeak eta kontratistak; horregatik gelditu ginen kalean. Zortea izan genuen udala gero ondo portatu zelako gure amarekin etxe hau eskaini ziotenean. Gaur egun gauza bera gertatuko balitz, beste modu batean konponduko genukeen guztia, baina garai hartan...". Bestalde, azaroaren 11 egun seinalatua izan ohi da San Martin auzoan bizi diren herritarrentzat, eta are egun zirraragarriagoa da ermitan bertan bizi direnentzat, ehunka azkoitiar igotzen baitira hara dorreko kanpaia jotzera. Gertutik eta barrutik bizi dute usadio hori piotarrek, eta urtez urte pilatutako hamaika oroitzapen dituzte egun horri lotuta. Itziarrek, esaterako, aldiro ohitura bera mantentzen du: "Nire seme Jokin eta biok, urtero-urtero, kanpaia jotzera joaten gara lanera sartu aurretik". Antoniok anekdota bat ere badu gogoan: "San Martin egun batean arratsaldeko laurak arte egin nuen lo. Logela etxearen behealdean nuen, eta kanpaiekin ez nintzen ohartu ere egin. Izan ere, kanpaia kanpoan barruan baino askoz gehiago entzuten da". Baietz dio Zubizarretak ere: "Ni hona bizitzera etorri nintzen lehen gauean ez nuen lorik ere egin; orain, berriz, ohitu naiz kanpai hotsarekin".

Lau anai-arrebek diotenez, jendeak "herriko tokirik onenean" bizi direla esaten diete

Bizileku "onena"

Lau anai-arrebek diotenez, jendeak "herriko tokirik onenean" bizi izan direla esaten diete. Hala dio Itziarrek: "Bista ederrak daude hemendik. Andramaixetan, adibidez, jende asko etortzen da hona su artifizialak ikustera". Pandemia garaian ere, tabernak itxita zeudenean jende asko joaten zela dio Iñakik. Horrez gain, turistak ere gerturatu ohi dira ermitara. Albertok dio Azpeitiko sierbetako mojak ere joan zirela bisitan: "Esan zidaten: 'Ze pena ermita itxita egotea'. Eta nik esan nien erakutsiko niela. Oso gustura gelditu ziren". Izan ere, ermita urtean zehar itxita egon ohi da egun seinalatuetan izan ezik.

Egun, Alberto eta Milagros dira San Martingo ermitan bizi diren bakarrak, baina familia osoak oraindik ere lotura estua du lekuarekin. Iñaki, esaterako, egunero joaten da hara, eta Itziar nahiz Antonio ere sarri bertaratzen dira, herrian bizi baitira. Hala dio Antoniok, barrez: "Ez komeni hona bueltatzea, andreak etxetik bota nauela esan nahiko luke horrek". Beren ama zenak ermita "asko" maite zuela diote, gustura bizi izan zela urte horietan guztietan. Horixe azpimarratu du Itziarrek, amaitzeko: "Amaren espiritua hemen dago. Ilusio handiarekin etorri zen hona bizitzera, eta guk hemen jarraituko dugu. Amarentzat San Martin eguna ere oso berezia zen, eta guk, tradizioari eusten jarraituko dugu". Elkarrizketa amaitu eta ez da asko falta bostetako kanpaia entzuteko. Kanpai hotsak beste oroitzapen dituzte bertan piotarrek, eta argi dute kanpai hotsak entzuten jarraitu nahi dutela, bertatik, uzten dieten bitartean behinik behin”.