Hitz bitan

Zaw Min Tun: "Irla batekoa izanda, itsasoa eta arrantza falta ditut"

Andoni Elduaien 2021ko abe. 4a, 10:30
Zaw Min Tun, Floreagan.

Myanmarko Batasunaren Errepublikako irla batekoa da Zaw Min Tun (1984). 2009ko urrian etorri zen Azkoitira bizitzera. "Emaztea eta biok Thailandian bizi ginen, eta lehenengo semearen zain geunden", dio. Hala, etorkizunean pentsatuta eta emaztea azkoitiarra izanda, semea jaio baino bi hilabete lehenago etorri ziren Azkoitira. "Hura izan zen Europara etorri nintzen aurreneko aldia". Azkoitia herri lasaia dela dio, eta jende jatorra eta irekia aurkitu duela bertan. Horrez gain, paletan jolastea oso gogoko du.

Myanmarko zein ingurutakoa zara?

Herrialdearen mendebaldean dagoen irla batekoa naiz, Manaung edo Cheduba izenez da ezaguna. Myanmarren zortzi etnia nagusi daude, eta haietako bat da gurea, Rakhine estatuko arakan etnia. Etnien artean desberdintasun ugari daude, eta batzuk estatuko armadarekin edota beren artean etengabeko gerran bizi dira. Myanmarreko egoera politikoa nahiko konplexua da.

Nolakoa da herrialdea?

Hain herrialde handia izanda, oso zaila da deskribatzea, toki bakoitzaren arabera denetik aurki daitekeelako: metropoli erraldoiak, banbuz egindako etxetxoz osatutako etxaldeak, tenplu ikusgarriz betetako lautadak, hondar zuridun hondartza paradisiakoak, basoen eta oihanen milaka hektarea... Gainera, urtaroaren arabera paisaia hemen baino nabarmenago aldatzen da.

Hango eta hemengo jendearen izateko modua desberdina al da?

Bai, desberdinak gara. Myanmartarrak hasieran hemengoak baino lotsatiagoak edo umilagoak direla esango nuke; esaterako, han kasu egiteko burua makurtzen dute, hemen, aldiz, altxatu. Huskeria bat da, baina horrelako detaile txikiak antzematen ditut. Han gehiengoa budista da, horrek dakarren guztiarekin... Bestalde, ordea, bai hangoak eta bai hemengoak oso gertukoak eta leialak gara.

Zer sumatzen duzu faltan zure herrialdetik?

Topiko bat esango dut: janaria. Horrez gain, hango familiaren falta asko ere sumatzen dut. Hango festak eta ospakizunak ere ez ditut ahaztuta: egun hauetan [urriaren erdialdean] ospatzen ari diren Dharma eguna edo myanmartar urte berriko ur festa... Hango ezkontzak ere ederrak dira, herri osoak parte hartzen du ezkontzaren prestaketan eta ospakizunetan. Irla batekoa izanda, itsasoa eta arrantza ere faltan sumatzen ditut. Arrantzara hemen ere joaten naiz, baina noizko harrapatu ganorazko zerbait...

Sarri joaten al zara hara?

Ez, nahi baino gutxiago. Etorri ginenetik bi aldiz joan gara; hilabete edo gehiago pasatzera joaten gara, eta ez da erraza lanarekin konpontzea. Gainera, horren bidaia luzea izanda, oso garestia da gurea bezalako sei kideko familia batentzat.

COVID-19ak eragindako pandemiak asko eragin du Euskal Herrian. Nola bizi izan dute zure herrialdean?

Han hemen baino geroago hasi zien pandemia, baina egoera gogorra bizi izan dute, batik bat militarren estatu kolpearekin bat egin zuelako.

Azkoitiarren batek Myanmarrera bidaiatuko balu, zer bisitatzea gomendatuko zenioke?

Neguan joateko esango nioke, abenduan edo. Han ere negua da, eta egunez bero handia egin arren, gauez freskatu egiten du, eta lotarako erosoagoa da. Uztaila eta abuztua, berriz, euri garaia dira, eta garai nekezagoa da bidaiatzeko. Bisitatzeko lekuei buruz, berriz, Shwedagon pagoda ikustea gomendatuko nioke. Horrez gain, pagodaz betetako Bagan lautada kilometrikoa, Inle laku ikusgarria eta iparralderago trekkingak egiteko toki izugarria dago. Hondartza bikainak ere badaude: Ngapeli, adibidez. Pixka bat ausartagoei, ni bizi nintzen irla bisitatzeko esango nieke; bide turistikoetatik kanpo dago, eta hara iristea odisea bihur daiteke, gehienek ez dakitelako ingelesez eta kartel denak birmanieraz daudelako. Gogorra akaso, baina abentura ahaztezina izan liteke nire sorlekua bisitatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide