Adinduen Astea ospatuko dute gaurtik San Jose egoitzan

Ane Olaizola 2021ko aza. 9a, 12:06
Aurreko urtean bezala, ikasleek bideoz eskainiko dituzte emanaldiak.

Gaurtik igandera bitartean, Bizkargiko eta herriko ikastetxeetako ikasleen emanaldiek, bingo eta sukaldaritza saioek zein bazkari eta afari bereziek hartuko dute Adinduen Astearen egitaraua.

San Jose egoitzan aste berezia izango dute, hango kideek Adinduen Astea ospatuko baitute gaurtik. Urtero legez, askotariko jarduerez gozatzeko aukera izango dute egoiliarrek, eta igandera bitartean ez dute hutsik egingo ikasleen emanaldiek zein sukaldaritza edota bingo saioek.

Aurreko urtean bezala, ikasleek ez dute modu presentzialean parte hartuko egitasmoan, haiek aurrez grabatutako bideoak eskainiko baitituzte egoitzan egunez egun. Gaur, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako ikasleen emanaldiarekin hasiko da Adinduen Astea, eta haiek eskainitako bertsoak, dantza saioak eta abestiak ikusiko dituzte egoiliarrek. Arratsaldea borobiltzeko, gainera, txokolatea txurroekin izango dute meriendatzeko.

Bihar, berriz, zine emanaldia eta pintxoak izango dituzte arratsaldea girotzeko, eta ostegunean Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak emango dituzte. Baina ez da izango hori etziko saio bakarra; izan ere, sukaldari lanetan arituko dira arratsaldean, eta bizkotxoa eta kanapeak prestatuko dituzte. Ostiralean, berriz, Bizilore Eskola Aktiboaren txanda izango da, eta bingo berezia ere egingo dute egun berean.

Asteburuan ere izango dute zertaz gozaturik egoiliarrek. Izan ere, larunbat iluntzean afari berezia izango dute, eta igandean, opari banaketarekin, bazkari bereziarekin eta bazkalosteko trikitixa saioarekin agurtuko dute aurtengo Adinduen Astea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide