Eskola Kirola DBHra zabaltzea erabaki du Kirol Kontseiluak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 9a, 12:19

12 eta 16 urteko ikasleei klubetatik kanpo ere kirola egiteko aukera eskaintzea da Eskola Kirola zabaltzearen helburu nagusia. Taldeak bihar, asteazkena, egingo du lehen saioa, Xabier Munibe Ikastolako jolastokian, 19:00etatik 20:30era bitartean.

Hemendik aurrera DBHko ikasleek ere Eskola Kirolaz gozatzeko aukera izango dute. Orain arte Lehen Hezkuntzako umeei, hau da, 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzendurik zegoen Eskola Kirola, eta maila horretatik aurrera dagoen "hutsunea" betetzeko hartu dute erabakia. "Behin adin horretara iritsita, gaztetxoek kirol klub batean jarraitzen zuten kirola egiten, edo hori izan da nagusiki joera. Orain, ordea, adin tarte hori zabaltzea lortu da", nabarmendu du udalak.

Azkoitiko eta Azpeitiko Kirol kontseiluak —udalek eta eskolek osatzen dute—, DBHko ikasleek klubetatik kanpo ere kirola egiteko aukera bermatu nahi du, eta horregatik atera dute aurrera egitasmoa. Udalak "babes osoa" erakutsi dio ekimenari: "Kirola egin nahi duten ikasle guztiek horretarako aukera izatea nahi da. Balioak sustatzeaz gain, gazteak kirol kulturan heztea da helburua".

Adierazi dutenez, "ia-ia" osatuta dago taldea, eta bihar, asteazkena, egingo dute lehen saioa Xabier Munibe Ikastolako jolastokian, 19:00etatik 20:30era bitartean. Astero elkartuko da taldea, eta kirol edo jardueraren arabera lekuz aldatuko dira Eskola Kiroleko ikasleak. Boleibolarekin hasiko dira eta askotariko kirolak probatuko dituzte ikasturtean zehar. Oraingoz, gaztetxoek hezitzaile bat izango dute bidelagun ekimenak zer-nolako tamaina hartzen duen ikusi arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide