Eskoletan biharko deituta dagoen eserialdiarekin bat egin dute Azkoitiko hainbat gurasok

Ane Olaizola 2021ko aza. 8a, 09:57

Haurrak Ere Bai familien sareak eserialdiak deitu ditu biharko, LHko ikasleek aire librean ere maskarak erabili behar dituztela salatzeko. Arratsaldeko irteera orduan egingo dute protesta, eta Xabier Munibe ikastolako hainbat gurasok bat egin du egitasmoarekin.

Haurrak Ere Bai familien sareak deituta, eserialdiak egingo dituzte bihar, asteartea, Euskal Herriko ikastetxeetan, LHko umeek aire librean ere musukoa derrigorrez eraman behar dutela salatzeko. Haurrak Ere Bai sareak bigarrenez egingo du mobilizazio bera —aurrenekoa urriaren 18an egin zuten— HaurrakSOS lelopean, eta Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako hainbat gurasok bat egin dute deialdiarekin. Hori dela eta, ikastolako gurasoei dei egin die egitasmoarekin bat egin eta eserialdian parte har dezaten. Arratsaldeko irteera orduan, 17:00etan, egingo dute ekintza.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urriaren 8an eguneratu zuen Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ikastetxeek COVID-19ari aurre egiteko jarraitu beharreko protokoloa, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek espazio itxietan zein irekietan maskara jantzita jarraitu beharko dutela jaso zuten bertan. Horren aurrean, "planto" egingo du bigarrenez Haurrak Ere Bai familien sareak, haren arabera, "komunitate zientifikoak" baieztatu baitu umeak ez direla gaitz horren "eroale nagusiak": "Umeak txertatuta ez egotea ezin da maskara derrigorrez erabiltzeko baldintza izan, ez kalean, ez parkeetan, ezta herriko plazan ere ez baita baldintza hori ezartzen. Zergatik orduan eskolako patioetan bai? Buka dezagun tratu txar eta gehiegikeria horiekin, nahikoa da", gaineratu du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide