Zapore txarrik gabeko puntu bana batu dute Anaitasunaren talde nagusiek

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 8a, 09:01
Emakumeen Euskal Ligako Anaitasunaren jokalariak. (Anaitasuna)

Bana berdindu dute Hirugarren Mailako gizonek Amurrioren kontra eta Euskal Ligako emakumeek Eibar Bren kontra, etxean, baina galtzen hasi ondoren.  

Etxean jokatu dute asteburuan Anaitasuna futbol klubaren bi talde nagusiek, eta puntu bana batuta bukatu zuten jardunaldia. Etxean berdintzea ez da, ordea, sari txarra izan kasu honetan, Anaitasunakoek markagailuan atzetik ibili ondoren lortu zutelako berdintzea.

Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, gainera, neurketaren azken unean berreskuratu zuen puntu bakar hori. Xabi Artetxeren gizonek Amurrio hartu zuten zapatuan Txerloian. Sailkapenaren atze aldean dabilen taldea, aurkari aproposa izan zitekeen hiru puntu gehiago eskuratzeko eta azkoitiarrak goiko postuetan sendotzeko. Baina sailkapenean dagoen aldea ez zen nabarmendu herenegun Txerloian. Aukera gutxiko lehen zatia hutsean bukatu zen; Ander Arabaolazak izan zuen etxekoen gol aukera garbiena, 41. minutuan, baina Amurriokoen atezainak bikain erantzun zion. Anaitasunarena, Alex Rodriguezena, izan zen bigarren zatiko lehen aukera ere, baina Amurriok sartu zuen partidako lehen gola, 65. minutuan. Aldapan gora zuten neurketa etxekoek, eta malda pikoagoa bihurtzeko zorian izan zen handik bi minutura: Amurrioren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak baina, gorrixen zorionerako, arabarrek ez zuten probestu bigarrena lortzeko aukera bikain hori. Anaitasunak pare bat aukera on izan zituen, Amurriok ere bai kontraeraso arriskutsuren bat. Eta 0 eta 1ekoa bere horretan geldituko zela zirudienean, luzapeneko lau minutuen azkenean, Julen Odriozolak Alexek erdiratutako baloiaren aldaratzea jaso, erdiratu, eta Jon Izagirrek banakoa sartu zuen. Hortxe bukatu zen partida. Amurrioren kontrako puntuarekin, 22 dituzte gorrixek hamabigarren jardunaldia osatuta eta hirugarrenak dira sailkapenean, atzetik dituen Durangorekin eta Basconiarekin berdinduta.

Emakumeen Euskal Ligako taldearen txanda izan zen atzo arratsaldean Txerloian. Eibar B liderrarekin neurtu zituen indarrak Anaitasunak. Liga hasi zenetik partidarik galdu ez duten talde bakarrak aurrez aurre, eta marka horri eutsi zioten biek amaieran. Borroka handia eta aukera gutxi eskaini utzi zituen lehen zatiak, eta kanpokoenak izan ziren aukera apur onenak. Bigarren zatia ere bide beretik hasi zen, 78. minutuan Eibarren gola iritsi zen arte. Gorrixek, ordea, berehala erantzun zioten kolpeari, eta hurrengo minutuan jarri zuen banakoa markagailuan Maiderrek: Libek zelai erditik baloia areara bidali, Eibarkoen atezainak botea ondo neurtu ez, eta azti ibili zen aurrelaria aukera baliatzeko. Partidaren bilakaera eta aurkariaren maila kontuan hartuta, berdinketa ez zen txarra, baina zerbait gehiago lortzeko zorian izan zen Gorka Zubizarretaren taldea azken txanpan: 90. minutuan, Maider bakarrik gelditu zen ate aurrean, baina bere jaurtiketak zutoina jo zuen. Lehen zortzi jardunaldiak jokatuta, bosgarren postuan dago Anaitasuna, 13 punturekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide