13.000 euro jasoko ditu udalak Genero-Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko

Andoni Elduaien 2021ko aza. 6a, 09:00

Genero indarkeriaren aurkako neurriak garatzeko programak eta proiektuak egiteko erabil ditzakete udalek Espainiako Gobernuak bideratutako funts horiek.

Diru ekarpena egingo die aurten ere Espainiako Gobernuak udalei Genero-Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko, eta Azkoitiko Udalak funts horietatik 13.000 euro jasoko dituela jakinarazi du Azkoitiko talde sozialistak. 891.542,66 euro bideratuko ditu Espainiako Gobernuak Gipuzkoara, eta Urola Kostako udalek 107.198,27 euro jasoko dituzte.

Funtsak genero indarkeriaren aurkako neurriak garatzeko programak eta proiektuak egiteko erabil ditzakete udalek. Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko nahiz sentsibilizatzeko kanpainak sustatzeko eta gai horri buruzko informazioa hedatzen laguntzeko materialak egiteko erabili ahal izango dute udalek dirua. Bestalde, udalek lankidetza eta koordinazio tresnak sustatzeko eta laguntza unitateek beren egitekoa gauzatzen laguntzeko aukera izango dute. Halaber, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eta informazioa emateko udal zerbitzuak indartu ahal izango dituzte tokiko erakundeek. Profesionalen prestakuntza espezializatura bideratutako jarduerak egiteko baliatu ahalko dituzte udalek funtsak.

Janire Igoa PSE-EEren zinegotziarentzat "oso albiste ona" da diru ekarpen horiAzkoitiko Udalarentzat. Igoaren esanetan, "garrantzitsua" da genero indarkeriaren aurkako borrokan diru publikoa "inbertitzea", eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak iaz emandako laguntzen bikoitza bideratu duela aurten tokiko erakundeetara: 20 milioi euro izan ziren iaz eta 40 milioi izango dira aurten, sozialistek emandako datuen arabera. Funtsak udaletara bideratzearen garrantzia nabarmendu du, era berean, Azkoitiko zinegotziak, "herritarrengandik gertuen dauden erakundeak" direlako, eta genero indarkeriaren biktimak "ikusten eta atzematen lehenak" direlako. "Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren eta Azkoitiko talde sozialistaren konpromisoa indarkeria matxistaren aurka borrokatzea da eta izango da, Estatuko Ituna betez gizarte honetako gaitz hori desager dadin", gaineratu du Igoak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide