Bulego taldeak 'Erdian Oraina' lehen diskoa kaleratuko du abenduan

Andoni Elduaien 2021ko aza. 3a, 12:55
Bulego musika taldeko kideak. (Argazkia: Bulego)

Donostiako Tabakaleran egingo du musika taldeak diskoaren aurkezpena. Tabakalerako kontzerturako sarrerak erosteko nahiz 'Erdian Oraina' diskoaren aurre salmenta esklusiboa egiteko, ostiraletik igandera arteko epea egongo da. Aldiz, kontzerturako sarrerak eskuratu ahalko dira datorren astelehenetik aurrera. Azkoitiko musika taldeak diskoaren aurrerapen singlea ere kaleratu du: 'Bagoaz'.

Azkoitiko Bulego musika taldeak Erdian Oraina bere lehen diskoa aurkeztu eta kaleratuko du. Musika taldeak jakinarazi duenez, abenduaren 26an, igandea, aurkeztuko du diskoa, Donostiako Tabakaleran. Musika taldearen esanetan, euskal kultura garaikidearen "erreferentea" da Tabakalera. Diskoaren aurkezpen bira "360 gradutako esperientzia" izateko diseinatu duten kontzertu batekin hasiko dute azkoitiarrek. Taldekideek aretoaren erdi-erdian jarriko duten agertoki batean joko dute zuzenekoa, eta ikus-entzuleak izango dituzte inguruan. 

Ekitaldi horretarako sarrerak azaroaren 5ean jarriko dituzte salgai, eta azaroaren 7ko 22:00ak arte erosi ahalko dira. Taldeak, gainera, sarrerarekin batera, Erdian Oraina diskoaren aurre salmenta esklusiboa ere egingo du. Sarreren salmenta orokorra, berriz, azaroaren 8an, astelehenean, Bulegoren webgunean egin ahalko da.

Bagoaz abestiaren bideoklipa

Diskoa abenduan kaleratuko duela jakinaraztearekin batera, Bulegok diskoaren aurrerapen singlearen berri ere eman du: Bagoaz. "Eguzkia sartzea, ilunabarra da, emozioz beteriko bidaia luze baten osteko hausnarketa unea, ez agurra. Paisaiaren edertasunak dena gelditu, arnasa sakon hartu eta gozatzera bultzatzen zaituen une hori", azaldu dute taldekideek abestiaren inguruan. "Bagoaz abestiarekin zera ulertarazi nahi dugu: ezer ez dagoela gure kontrolpean eta hori horrela izatea egokia dela". Bagoaz "orainaldiari buruzko abestia" dela azaldu du musika taldeak, "tristezia apur batez lausotzen" badu ere.

Gitarra elektrikoak, bateria akustikoa, sintetizadoreak eta sample elektronikoak dira euskal pop-abesti honen oinarriak. Zestoako Gaztain estudioan grabatu dute Bagoaz, eta Eñaut Gaztañaga nahiz Tomas Lizarazu Bulegoko abeslaria izan dira ekoizleak; abestiaren bideoklipa ere aurkeztu dute gaur taldekideek; Iratxe Reparazen zuzendaritzapean, Tabakalerako terrazan grabatu dute,  hain zuzen, Erdian Oraina diskoaren zuzeneko aurkezpena egingo duten toki berean.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide