Aurreiritziei hortzak erakusteko gai

Anartz Izagirre 2021ko aza. 3a, 09:36

26 urte daramatza Gureak enpresak Azkoitiko industrialdean, eta ordutik desgaitasunen baten duten eskualdeko dozenaka herritar aritu dira bertan lanean. Maxixatzenek herriko lantegiko arduradunekin eta urte luzez bertan lanean daramaten beharginekin hitz egin du.

Gipuzkoan adimen desgaitasuna nahiz ahalmen desgaitasuna duten herritarrentzako, erreferente bilakatu da Gureak euskal enpresa taldea azken urteetan. 1975. urtean ekin zion industria ibilbideari Gureakek –orduan, bereziki, adimen desgaitasuna zutenei zuzendurik zegoen jarduna– eta urratsez urrats, hamaika dira enpresa sortu zenetik hona zerbitzuen dibertsifikazioan zein espezializazioan eta beste hainbat eremutan izan dituen aldaketak.

Urola eskualdeko beste hainbat txokotan nola, Azkoitian ere ibilbide oparoa izan du Gureakek hastapenetatik gaur arte. Juan Ramon Tolosa Tolo da Azkoitiko lantegia ireki zutenetik lanean jarraitzen duen beharginetako bat. Tailerreko enkargatua da egun, eta gertutik bizi izan du enpresaren bilakaera: "1995eko irailean hasi ginen Azkoitiko tailerrean lanean. Udako oporretatik bueltan, Lasaoko lantegia itxi egin zuten, eta hona ekarri gintuzten. 40 bat langile-edo izango ginen orduan", azaldu du Tolok. Haren arabera, Azkoitira etorri zirenean "oso handia" gelditzen zitzaien pabilioia: "Bi pisuko lantegi batean geunden Lasaon, eta 1.500 metro koadro dituen eremu batera etorri ginen. Oso handia gelditzen zitzaigun guztia, eta hasieran, tailerra beteago zegoela irudikatzeko kaxak-eta jartzen genituen lurrean, bestela galdu egiten baikinen".

Ordutik, errotik aldatu dira Gureak, bere osotasunean, nahiz Azkoitiko lantegia. Maria Larraza Gureaken komunikazio arduradunaren arabera, "asko" hazi da enpresa, eta egun, guztira, 6.000 pertsona inguruk lan egiten dute enpresa talde osoan. Ildo horretatik, Azkoitiko lantegiaren hazkundea “paraleloa” izan dela dio Larrazak: "Gizartearen nahiz pertsonen beharrek eragin dute enpresa hazten joatea". 6.000 langile horietatik ia 130 dira Azkoitian lanean dihardutenak, eta horietatik gehienak, eskualdeko beharginak dira. Orain, Alex Zubizarreta da lantegiko arduraduna, eta industria jarduera osoa automoziora bideratzen dutela dio hark: "Autoen argiztapeneko kableatuak eta konektoreak egiten ditugu. Horrez gain, klaxon sistemetarako tresnak ere egiten ditugu". Egun, esaterako, Nissan enpresarentzako proiektu batean murgilduta daude.

Bestalde, Azkoitiko industrialdeko lantegiaz gain, Gureakek hainbat atal dituela nabarmendu du Larrazak: "Gureakek alderdi industriala izateaz gain, beste hainbat atal ere baditu; adibidez, zerbitzuak, marketinga eta Itinerary deiturikoa. Azken hori da langileen ibilbide guztia kudeatzen duen saila". Zubizarretak Azkoititik sortu diren implant-ak nabarmendu ditu: "Eremu barruan sortzen diren lerro berriak dira implant-ak; lerro horiek Gureakenak dira, baina bezeroaren enpresa barruan gaudela esan nahi du". Hainbat dira Urola eskualdean sortu diren implant-ak; adibidez, Eroskin, Lasaoko gasolindegian nahiz Zumaiako Otezuri egoitzan eratu dira.

Azkoitiko lantegiaren hazkundea "paraleloa" izan dela dio Larrazak.

 

Langileen garapena, gertutik

Enpresa bera ez ezik, Gureaken giza taldearen osaera ere errotik aldatu da sortu zenetik hona. Haien webgunean dauden datuen arabera, 2020an %27 ziren adimen urritasuna zutenak, eta %25 desgaitasun fisikoren bat zutenak. Buruko gaixotasunen bat dutenak ere %25 ziren, %7 zentzumen gaitasuna zutenak eta %16 desgaitasunik gabekoak. Zubizarretaren arabera, langile bakoitzak bere ibilbidea du, eta tailerrean arduradun bat egoten da pertsona horien jarraipena egiteko. Eneko Rajado Azkoitiko enpresan ekoitzi gabeko denbora kudeatzen duen laguntzailea da, eta haren arabera, "gertutik" jarraitzen dituzte langileak: "Galdetzen diegu ea gustura al dauden tailerrean, zer egin nahiko luketen... Batzuek esaten dizute gustatuko litzaiekela goizean beste lekuren batean lan egitea, eta arratsaldean, tailerrean aritzea; horretarako dago Pauso Berriak programa". Larrazaren arabera, "pertsonalizatua" da bakoitzaren ibilbidea: "Nahi dena da langile bakoitzari egokitzen zaion ibilbidea sortzea, beren nahien arabera. Orduan, formakuntza eskaintzen zaie beraiek nahi dutena lortzeko".

Bestalde, jendeak Gureakekiko duen iritziaz galdetuta, Zubizarretak dio "ezjakintasun handia" dagoela jendartean: "Lantegian ikastetxeetako nahiz lantegietako bisitak egon izan direnean, harrituta gelditu dira Gureakekin". Bat dator Rajado: "Askotan tokatu zaigu praktikak egitera etorri den jendea, eta atetik sartu orduko txundituta gelditzen dira egoerarekin. Jende askok pentsatzen du langileak hona marrazkiak egitera-eta etortzen direla, baina ez da hala".

Pandemia, oztopo handia

Gureaken kolektibo zaurgarrietako hainbat pertsonak lan egiten dutenez, koronabirusak eragindako pandemiak bereziki kolpatu du enpresa azken bi urteetan. Egun, langile guztiak lanean presentzialki ari dira, baina oraindik ere zorrotz betetzen dituzte osasun eta segurtasun neurriak. Zubizarretaren arabera, "kaosa" eragin zuen gaitzak: "Langile asko arrisku egoeran zeudenak ziren, eta horrek egoera zailtzen zuen. Pixkanaka hasi ginen lanean: Osalanek zehaztutako neurriekin, maskarekin eta guanteekin lanean, plastikoekin lan eremuak banatzen...". Larrazak nabarmendu duenez, pandemiak enpresa guztiei eragin badie ere, Gureaken kasuan handiagoa izan da eragina: "Pertsona zaurgarri asko daude Gureaken, eta horregatik kudeaketan lan handia egin behar izan da".

 

Zubizarretak dio "ezjakintasun handia" dagoela jendartean Gureaken inguruan.

 

Gureak zabaltzea xede

Zubizarretak azaldu duenez, enpresaren erronketako bat da aurrera begira Gureaken jarduna Azkoitian ezagutaraztea. Izan ere, haren arabera ez da "horrenbeste" ezagutzen: "Ni legazpiarra naiz izatez, eta Goierrin, adibidez, ikusgarritasun aldetik lan handia egin da. Beharbada izan daiteke eskualdeko hainbat enpresarentzat lan egin izan delako; adibidez, CAFentzat, Irizarrentzat edo Orklirentzat. Han eskualdeko jende gehiena enpresa handi horietan banatuta dago, eta nahi ala ez, denek entzun dute Gureakek zer egiten duen. Hemen agian ez dago ikusgarritasun asko eskualdeko implant gutxiago daudelako".

Tolo ere bat dator Zubizarretarekin: "Nik uste ikusgarritasunaren kontua hein handi batean gure errua ere izan daitekeela, ez dugulako jakin hemen egiten duguna kanpoan erakusten. Bestalde, iruditzen zait jendeak zer begiradarekin begiratzen duen ere aldea dagoela. Guk langileak ez ditugu tratatzen desgaitasuna duten pertsonak balira bezala; ez dugu ikusten zer ezin duten egin, zer egin dezaketen baizik. Jendearen begiek, ordea, ez dute osotasun hori". Rajado ere ados dago: "Harrigarria da hemengo langileek zer-nolako diziplina duten, zein puntualak diren... Gainera, beraientzako lantokia jendearekin sozializatzeko gunea ere bada, batzuek bikotea, kuadrillakoak eta abar dituzte hemen".

Hiru azkoitiar, hiru ibilbide

Herriko lantegian beharrean aritzen diren hiru dira Jon Fernandez (Azkoitia, 1984), Idoia Sudupe (Azkoitia, 1974) eta Henar Sudupe (Azkoitia, 1984). Hirurek hainbat urte daramatzate Gureaken lanean, eta bakoitzak bere ibilbide propioa izan du enpresan.

Fernandezen kasuan, 2006. urtean heldu zen Gureak enpresara. Horren aurretik, Ingeniaritza Informatikoko lizentziatura ikasi zuen unibertsitatean, eta txikitatik hauteman zioten desgaitasun bat medio, Gureaken lan egiten hasi zen. Lehenik, tailerrean kurtsoak egin zituen, baina gasolindegian eta supermerkatuan ere aritu izan da lanean. Duela sei urte berriro itzuli zen tailerrera. "Gauza asko egin izan ditut hemen; izan ere, denerako prest egon behar duzu. Gainera, lan berriak ikasteko aukera ere ematen digute, eta halako aukerak aprobetxatu egin behar dira".

Azkoitiarrak nabarmendu duenez, Gureaken inguruan jendeak uste duena eta benetan dena oso desberdina da: "Jendeak galdetu izan dit ea hona siesta egitera etortzen al garen, margotzera, marraztera... Guk egiten duguna ez dute lan bezala ikusten. Jende hori hona etortzera gonbidatuko nuke, ikus dezaten egiten dugun lana nolakoa den". Dena den, Fernandezek azaldu du jendeari ez diola "kasurik egiten", futboleko epaile lanak egiten dituenean bezala; izan ere, 2004-2005 denboralditik Gureakeko lana epaile lanekin uztartzen du azkoitiarrak, eta aurten, Nafarroan ari da zeregin horretan: "Epaile zarenean ere gauza asko entzun behar izaten dituzu, baina zeure eginbeharrean hain zentratuta zaudenean, ez duzu beste ezer entzuten".

Idoia Suduperen kasuan, ia-ia hasieratik dabil Azkoitiko tailerrean lanean. 1997an lur hartu zuen bertan, eta ordutik buru-belarri lanean jardun du. "Makinekin" lan egiten duela dio azkoitiarrak, eta "oso gustura" aritu dela urte hauetan guztietan: "Asko gustatzen zait hemen lan egitea, eta denekin oso ondo moldatzen naiz. Ez naiz ondo gogoratzen lanean hasi nintzenean hau nolakoa zen, baina bai orain baino jende gutxiago geundela lanean". Bestalde, tailerrean ez ezik Eroski txikiko okindegian ere lan egindakoa da: "Ogia egiten nuen Eroskin, baina jendea presaka ibiltzen zen alde batera eta bestera, eta tailerrean lasaiago nago. Okindegian lanean ari nintzela, gainera, eskua erre nuen behin, txapa oso beroa baitzegoen". Horrez gain, Idoiak bikotea ere lanean aurkitu zuen: Iban. "2016tik edo gaude Iban eta ni batera, eta harekin askotan joaten naiz afaltzera eta. Oso harreman ona daukagu".

Henar Sudupek ez daramatza Idoiak bezainbeste urte Gureaken, baina hura ere denboraldi luzez aritu da lantegian. "Astelehenetik ostiralera etortzen naiz lanera, eta hemendik ateratzen naizenean, bostetan, etxera joaten naiz meriendatzera". Aisialdian, berriz, zumba egitea du gustuko Henarrek, baina pandemia dela-eta jada ez da klaseetara joaten: "Nazkatuta nago koronabirusarekin, une oro maskararekin ibili behar dudalako, eta ezin dudalako zumba egitera joan". Bestalde bere izebarekin Koxka tabernara muztio bat hartzera joatea ere "oso gogoko" duela dio azkoitiarrak. Gureaken "lagun asko" egin dituela azaldu du Henarrek, eta zaharren egoitzan ere lan egin izan duela, garbitasun alorrean: "Egoitzan baino gusturago nago lantegian, han ez nituelako lagun asko eta hemen bai". Henarrek argi du Gureaken lanean jarraitzea nahi duela: "Oso gustura nago hemen, eta hemen jarraituko dut aurrerantzean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide