Abian dira Zientzia Asteko tailerrak Aizkibel liburutegian

Andoni Elduaien 2021ko aza. 3a, 08:45
Haurrak, atzo egindako tailerrean. (Azkoitiko Udala)

"Planeta salba ezazu" lan saioarekin eman zieten hasiera atzo Zientzia tailerrei. Aizkibel Liburutegian eskainiko dituzte aste osoan zehar. Saioetan parte hartzeko izena eman zuten gaztetxoek gaur, bihar eta etzi tailer gehiago landuko dituzte.

Zientzia Astea dela eta, Aizkibel liburutegiak doako hainbat tailer antolatu ditu aste honetarako, eta atzo, asteartea, egin zuten lehena: Planeta salba ezazue. Tailerrean haurrek aztertu zuten gizakiaren portaerak Lurrean zer eragin duen. Modu praktikoan ikasi zuten gaztetxoek zientziak nola lagun dezakeen eboluzioan eta garraiobideetan. Horren erakusgarri, hidrogeno autoak ezagutu zituzten, eta, esperimentu erraz eta dibertigarrien bidez, haien funtzionamendua ere bai.

Gaur, bihar eta etzi tailer gehiago egingo dituzte liburutegian. Ozeano urdinak, marea beltzak, Astronomia eta Mineralmania gaiak landuko dituzte datozen egunetan. Ozeano urdina, marea beltzak tailerra egingo dute gaur, asteazkena, eta bertan ingurumenari buruzko oinarrizko kontzeptuak barneratuko dituzte, jarduera interaktiboekin eta esperimentu praktikoekin. Besteak beste, petrolio isurketak garbitzeko zailtasunak ulertuko dituzte eta tailerra amaitutakoan honako kontzeptu hauek ezagutuko dituzte: petrolioa, hipotesia, esperimentua, surgatzailea, dentsitatea, diluzioa, elikadura-katea, gainazaleko tentsioa, iragazgaitza...

Astronomia tailerra, aldiz, bihar izango da, eta espazioko jantzi baten barruan moldatzeko zailtasunak ezagutuko dituzte umeek. Arny akuanauta bere aire-kameran sartuko dute, hutsak eta aire-faltak eragindako aldaketak ikusiko dituzte, mikrograbitateko igerileku batean bultzadak duen eragina ulertuko dute, galaxiako hainbat puntutan tenperatura-tarteak ikasiko dituzte eta atmosferen konposizioa ikertuko dute. Ondoren, gainera, beren esperimentua etxera eramango dute.

Ostiralean, Mineralmanian geologiaren nondik norakoak azalduko dizkiete gaztetxoei, eta besteak beste, eraldaketa geologikoen prozesuan, sailkapen sisteman, identifikazio metodoetan eta harri eta mineralen propietate fisikoetan sakonduko dituzte ezagutzak, jarduera praktikoen bidez.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide