Jenny Calero Espainiako Break eta Kirol Dantzen Txapelketako txapeldunorde

Andoni Elduaien 2021ko aza. 3a, 08:45
Calero eta Tresgallo, txapeldunordearen sariarekin. (Utzitakoa)

Dantzari azkoitiarrak kirol dantza latinoen txapelketan parte hartu zuen joan den larunbatean Pablo Tresgallo dantzari galiziarrarekin. Sanba, txa-txa-txa, runba boleroa, pasodoblea eta jive-a dantzatu behar izan zituzten Guadalajaran.

Joan den asteburuan, Espainiako Break eta Kirol Dantzen Txapelketa jokatu zuten Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia). Jenny Calero dantzari azkoitiarrak, Pablo Tresgallo dantzari galiziarrarekin batera, Espainiako Kirol Dantza Latinoen Txapelketan parte hartu zuen, eta txapeldunorde gelditu zen.

Lau eguneko txapelketa izan arren, Calero eta Tresgallo larunbatean aritu ziren pista gainean dantzan. Bikoteak pistara atera eta bost dantza modalitate dantzatu behar izan zituen, hala nola sanba, txa-txa-txa, runba boleroa, pasodoblea eta jive-a. Modalitate bakoitzerako zituzten koreografiak aurkezteko, bikoteak 90-115 segundo artean izan zituen, eta une oro inguruan izan zituen epaileak, beraien lana gertutik aztertzen.

Nahiz eta dantzariek dantza modalitateen ordena zein zen bazekiten, ez zuten ezagutzen zein musikarekin dantzatu behar zituzten beraien koreografiak. Caleroren hitzetan "arreta handiz" entzun behar izan zuten musika, horrekin batera beraien koreografiak dantzatzeko, urduritasunean ez erortzeko eta beste partaideekin pistan talka ez egiteko.

"Ez genuen helburu argirik, are gutxiago, ez genuen espero lortu dugun emaitza lortzerik. Halere, argi dago esfortzuak eta sakrifizioak txapeldunordearen postua eta ikaskuntza esperientzia bikaina eman dizkigula". Astebururo egiten dituzte entrenamendu saioak Calerok eta Tresgallok, baina lekua txandakatu egiten dute; izan ere, asteburu batean Calero Galiziara joaten da, eta hurrengoan galiziarra Azkoitira etortzen da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide