'Narzis@' antzezlana estreinatuko du Borobil Teatroak larunbatean, Baztartxon

Andoni Elduaien 2021ko aza. 1a, 16:51

Larunbatean, 18:00etan izango da antzezlana. Borobil Teatroa konpainiaren azken obra da, eta Azkoitian egingo dute estreinaldia. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 4 euroren truke.

Datorren larunbatean, azaroak 6, Narzis@ gaztetxoentzako antzezlana taularatuko du Borobil Teatroa konpainiak, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Konpainiaren azken obra da, eta Azkoitian egingo dute estreinaldia, 18:00etan hasita.

Antzezlana ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Entradium atarian; lau euroko prezioa du sarrera bakoitzak. Anartz Zuazuaren lana da. Aktore lanetan arituko dira, bestalde, Amaia Irazabal, Asier Oruesagasti, Aia Krus eta Gaizka Chamizo aktoreak.

Peru mutil gaztea da. Lagun bakarra du, Maialen izeneko neska. Peruk 13 urte betetzen dituen egunean, gurasoek smartphone bat oparituko diote, eta une horretan bere bizitza erabat aldatuko da. Sare sozialak ezagutuko ditu eta beste pertsona bat izan daitekeela ohartuko da. Profil bat diseinatu dezake; izena aldatzea erabakiko du; orain, Narziso du izena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide