Hildakoak gogoan izan dituzte azkoitiarrek

Andoni Elduaien 2021ko aza. 1a, 12:38

Azaroko lehen eguna kanposantuetan hildakoak bisitatzeko eguna da askorentzat. Ohiturari jarraituz, herritar asko izan da goizean hilerrian hildakoak bisitatzen. Senitartekoei lore sorta utzi, bisita egin eta kasu askotan hilobiak txukuntzeko ere baliatu dute goiza herritarrek.

Gaur, azaroak 1, Santu Guztien Eguna edo Domu Santu eguna da, eta ohiturari jarraituz herritar asko eta asko izan da goizean Azkoitiko hilerrian. Azken egunetan, hilobiak txukuntzen eta apaintzen jardun dute senitartekoek. Gaur, inoiz baino koloretsuago esnatu da herriko hilerria, lorez, apaingarriz eta kandelaz beteta ikus daitezke-eta hilobien bueltak.

Iaz, ezohiko irudia zuen hilerriak; izan ere, pandemia tarteko, oso jende gutxik egin zuen bisita hilerrira. Gaur, ordea, azaroaren 1eko ohitutari eusteko aukera dute herritarrek. Oinez zein autoz egin daiteke hilerrirako bidaia, Udaltzaingoa ari baita autoen joan-etorriak bideratzen. 21:00etara bitartean egongo da zabalik kanposantua, orduan itxiko baitute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide