Txikia IV.ak Aizkolari Txapelketa Nagusiko finalerako txartela lortu du

Nerea Uranga 2021ko urr. 31a, 09:48

Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiko sailkapen proba jokatu zuten atzo, zapatua, Zestoako Kiroldegian. Gizonetan hamahiru aizkolari aritu ziren nor baino nor, eta bosgarren eginda, finalerako sailkatu da Julen Alberdi Txikia IV.a.

 

Sherpa.ai Azkolari Txapelketa Nagusiko sailkapen proba jokatu  zuten atzo arratsaldean Zestoako kiroldegian. Lehen Mailako  hamahiru aizkolari gizonetan eta hiru emakumeetan aritu ziren; tartean, Julen Alberdi Txikia IV.a. Gizonen sailkapeneko proba hiru txandatan banatuta jokatu zuten, eta Txikia IV.ak aurrenekoan jardun zuen, eta bere txandan lanak bukatzen azkarrena izan zen, 19 minutuan eta 25 segundoan amaituta. Sailkapen proban bosgarren eginda, azaroaren 21ean Bilbon jokatuko den final handirako txartela lortu du aizkolari azkoitiarrak.

Gizonek sei enbor ebaki behar izan zituzten atzo Zestoako jardunaldian: bi kanaerdi 54″, bi 60″ eta bi oinbiko 72″.

Gizonetan honako sei aizkolariak sailkatu ziren finalerako:

1- Mikel Larrañaga (Azpeitia): 16 ́44”
2- Eneko Otaño (Beizama): 17 ́57”
3- Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa): 18 ́11”
4- Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia): 19 ́16”
5- Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia): 19 ́25”
6- Jon Irazu (Zizurkil, Gipuzkoa): 20 ́03”

Finala jokatzetik kanpo geratu ziren beste aizkolariak honakoak izan ziren: Ugaitz Mugerza (20 ́33”), Julen Larrea (21 ́06”), Iñaki Azurmendi (21 ́10”), Jexux Mugika (22 ́05”), Arkaitz Jauregi (23 ́50”), Jon Rekondo (24 ́16”) eta Eloy Corchero (24 ́48”). Azken horrek, azkena sailkatuta, Promozio mailan jokatu beharko du datorren denboraldian.

Emakumeen kasuan, Karmele Gisasola Zelai III.ak, Garazi Arrutietak eta Uxue Ansorregik jokatu zuten Zestoan, eta 36”ko lau enbor ebaki behar izan zituzten. Gisasola izan zen lanak amaitzen aurrena, 9 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Uxue Ansorregik 9 ’11 “ denbora egin zuen, eta Garazi Arruti hirugarrena izan zen, 13 ’22” denboran bukatuta. Finala jokatuko duten hiru emakumeak Zelai III.a, Maika Arostegi eta Uxue Ansorregi izango dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide