Aizpurutxon errepidea ixten dutenean, Bergaratik egingo du bidaia Zumaia-Zumarraga autobus zerbitzuak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 29a, 15:08

Abendura bitartean, errepidea astean bitan ixtea aurreikusi du aldundiak, eta egun horietan egingo du UK06 autobus lineak bidaia Bergaratik. Bidaia moldatzeak zenbait autobus geraleku bertan behera uztea ekarriko du.

Azkoitia eta Urretxu artean aurreratzeko erreia eraikitzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta lan horiek tarteko, zenbait leherketa ari dira egiten azken asteetan. Abendura bitartean, astean bi leherketa egitea aurreikusi du aldundiak, eta hori horrela, egun horietan errepidea itxi beharko dute tarte batez. Aurreikuspenen arabera, itxierak ordubete baino gutxiago iraungo du. Errepidea itxiko duten tarte horietan, Zumaia-Zumarraga autobus zerbitzuak (UK06) Bergaratik zehar egingo du bidaia.

Bidaia Bergaratik egingo dutenez, Azkoititik Zumarragara bitartean dauden zenbait autobus geraleku bertan behera geratuko dira, hala nola Azkoitiko industrialdekoa, Olotzagakoa, Aizpurutxokoa, Aginaga auzokora bidegurutzekoa eta Etxeberrikoa. Errepidearen itxierak egunean bertan jakinaraziko ditu aldundiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide