Grebarekin bat eginez, protestan jarraitzen dute Azkoitiko San Jose egoitzako langileek

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 28a, 15:00
San Jose egoitzako langileek greba egin zuten atzo, ELAren deialdiarekin bat eginez. (ELA)

Atzo greba eguna zuten deituta erresidentzietako langileek eta Azkoitiko San Jose egoitzakoek bat egin zuten deialdiarekin. Foru Aldundiaren erabakien aurrean lan baldintza duinak eskatzen jarraitzen dute.

252 greba egunen ondoren, Gipuzkoako erresidentzietako langileek borrokan jarraitzen dute, eta atzo berriro atera ziren protestara erresidentzien atarietara, “lan baldintza eta zaintza eredu” duina eskatzeko. ELA sindikatuak deituta, protestara batu ziren Azkoitiko San Jose egoitzako langileak, eta kartelak eskuan hartuta hainbat aldarri egin zituzten. Besteak beste, Hitzarmena orain!, Lan baldintza duinak! eta Langile bat bi egoiliarrentzat? Hemen ez! zioten kartelekin egin zuten protesta. 

ELAk dioenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “egungo ereduaren defentsa” egiten segitzen du, “azken asteotan erresidentzietako errealitate gordina berriro azaleratu bada ere”. “Markel Olano ahaldun nagusiak bi egoliarreko langile bat dagoela esan arren, langile bat hamahirurentzako daudela ikusi da, egoiliarrak 14 orduz izaten dira ohean eta jan gabe, erizaintza zerbitzurik ez dago bermatua…”, salatu du sindikatuak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide