Aurrerantzean Kultura sailean eta Interneten eskuratu ahalko dira erosketa bonuak

Andoni Elduaien 2021ko urr. 28a, 14:53

Kultura sailaren bulegoa irekita egongo da astelehenetik ostiralera bitartean, 08:00etatik 14:00etara. 30 euro ordainduta, herritarrek 10 euroko sei bonu eskuratu ahal izango dituzte.

‘Piztu Herrixe’ lelopean, Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak 666 erosketa bonu jarri zituzten saltzen joan den astean. Oraindik eskuragarri daude bonuak, eta agortu bitartean, udaleko Kultura sailean eta Interneten eskuratu ahal izango dira. Kultura sailaren bulegoa astelehenetik ostiralera bitartean egongo da irekita, 08:00etatik 14:00etara. Interneten, berriz, Azkoitiko Udalaren webgunean nahiz Dendago plataforman eskuratu ahal izango dira bonuak. 30 euro ordainduta 10 euroko sei bonu jasoko dituzte herritarrek. Alegia, erosleak 30 euro aurreztuko ditu bonu bakoitzeko.

Nola erabili bonuak

Aurreko kanpainetan bezala, aurten ere sektore guztietara zabaldu nahi izan dute udaleko Merkataritza sailak eta Herrixen elkarteak bonu kanpaina, erosketak sektore bakar edo gutxitan kontzentratzea saihesteko. Arrazoi hori tarteko, bonu bakoitza sei sektore edo saltokitan erabili ahalko da, bakoitzean 10 euroko balioa duen bonua trukatuta. Kanpainan parte hartzen duten establezimenduetan kartel bat agertuko da bezeroak jakin dezan zein den bertan erabili daitekeen bonua. Bonuak erabiltzeko azken eguna azaroaren 21a izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide