Biodantza tailerra eta egun pasa bat antolatu ditu Plaza Ondok

Andoni Elduaien 2021ko urr. 25a, 11:19
Lizarra ezagutuko dute azkoitiarrel. (Escapada Rural)

Iratxe eta Lizarra herriak ezagutzeko egun pasa antolatu du Plaza Ondok azaroaren 18rako. Biodantza tailerra, aldiz, azaroaren 8an hasiko dute, eta astelehenero egingo dituzte saioak jubilatuen elkartearen jantokian.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak Iratxe eta Lizarra herriak (Nafarroa) ezagutzeko egun pasa antolatu du. Azaroaren 18an egingo dute irteera, eta egun pasara joan nahi dutenek izena eman beharko dute azaroaren 3tik 12ra bitartean. Elkartearen bulegoan eman ahalko da izena, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Irteeran parte hartzeko 35 euro ordaindu beharko da, eta elkarteko batzordeak dirua justu eramateko eskatu die herritarrei. Hala eta guztiz ere, Laboral Kutxan ere egin ahal izango da ordainketa.

Azaroaren 18an, Aizkibel liburutegi paretik 08:30ean abiatuko da bi herrietara eramango duen autobusa. Bazkaldu eta egun pasa egin ondoren, 20:30ean itzuliko da autobusa Azkoitira. Era berean, antolatzaileek jakinarazi dute irteerara ez dela hamarretakorik eraman beharko.

Biodantza tailerra, hastear

Biodantza tailerra azaroaren 8an abiatuko du Plaza Ondo elkarteak. Saioak astelehenero egingo dituzte elkartearen jantokian, 17:00etatik 18:30era bitartean. Tailerrean parte hartzeko, asteazkenetan eman beharko da izena jubilatuen elkartean, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dute hamabost laguneko taldeak osatuko dituztela, eta dantza maskara jantzita egingo dutela.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide