Anaitasunaren lehen taldeek hiruna puntu batu dituzte etxean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 25a, 09:11
Mutilak Uritarrak taldeari egindako gol bat ospatzen. (Anaitasuna)

Gizonezkoen lehen taldeak Uritarra taldea hartu zuen mendean larunbatean, eta nesken lehen taldeak Basauriko Kimuak taldea. Sailkapenaren goiko postuetan jarraituko dute biek ala biek.

Anaitasuna futbol taldearen gizonekoen eta emakumezkoen lehen taldeek bide onean jarraitzen dute. Bi taldeek etxean jokatu zituzten beren partidak, eta biek ala biek lortu zuten aurkaria menderatzea. Gizonezkoek 3 eta 1 irabazi zion Uritarra azken sailkatuari, eta emakumezkoek 3 eta 2 Basauriko Kimuak taldeari.

Gizonezkoen taldeak neurketaren bigarren zatian erabaki zuen Txerloiako partida. Hala eta guztiz ere, 17. minutuan aurretik jartzeko gola egin zuen Markel Eskurtza kapitainak; Xabi Soraluzek erdiratutako falta baten aldaratzea baliatu zuen erdiko atzelariak baloia sareetara bidaltzeko. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, bizkaitarrek norgehiagoka berdintzeko gola egin zuten. Uritarra taldeko aurrelaria Ander Rementeria atezainaren aurrean gelditu zen, eta eibartarrak ez zuen lortu banakoa ekiditea.

Bigarren zatian, ordea, Anaitasunak goitik behera menderatu zuen Uritarra. Aldageletatik itzuli eta bost minutura, taldeak aurretik jartzeko gola egin zuen. Unai Aranbarri erdilariak area kanpotik gol ikusgarria erdietsi zuen. 60. minutuan, berriz, partida gorrixen aldera irauliko zuen penaltia egin zioten Ander Arabaolaza aurrelariari, eta hark ez zuen hutsik egin 11 metrotatik egindako jaurtiketan. Aulkitik zelairatu berria zen Dani Marin zarauztarrak ere izan zuen Anaitasunaren laugarren gola egiteko abagunea neurketaren luzapenean, baina bere falta jaurtiketa dotorean baloiak langaren kontra jo zuen.

Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldea Espainiako Hirugarren Mailako IV. multzoko laugarrena da une honetan. 18 punturekin, Bigarren RFEF mailara igotzeko play-off postuetan jarraitzen du taldeak. Datorren asteburuan, sailkapenean bi puntura duen Pasaiaren aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunak.

Emakumeak, goraka

Emakumezkoen lehen taldeak San Juanen jokatu zuen asteburuan ligako bosgarren partida. Gorka Zubizarretak zuzentzen duen taldeak porrotik jaso gabe jarraitzen du, orain arte jokatutako bost neurketetan bi berdinketa eta hiru garaipen eskuratu baititu; hiru garaipenak, gainera, erreskan lortu ditu azken asteburuetan.

Larunbatean, 3 eta 2 irabazi zuten neskek San Juan zelaian Basauriko Kimuak taldearen aurka. Hasi eta segituan egin zuten bizkaitarrek huts eta batekoaren gola; area barruan ez zuen barkatu kanpokoen aurrelariak. Hala eta guztiz ere, handik minutu batera lortu zuen Anaitasunak partida berdintzea. Aurkariek egindako aldaratze bat baliatu zuen Leire Ucin aurrelariak, ate aurrera sartu eta gola egiteko. 27. minutuan, berriz, bizkaitarrek beren atean egin zuten gola; modu horretan lortu zuen Anaitasunak neurketa iraultzea.

Atsedenaldiaren ostean, neurketa parekatua ikusi zen San Juanen, bizkaitarrek 55. minutuan lortu baitzuten binakoa egitea. Halere, norgehiagoka amaitzeko minutu gutxiren faltan, Oihane Ucin aurrelariak lortu zuen Anaitasunari hiru puntuak emango zizkion gola egitea. Leire Ucinek erdiratutako alboko sakea, Oihane Ucinek buruz errematatu eta baloia sareetara bideratu zuen.

Emakumezkoen Euskal Ligako lehen sailkatuen artean kokatzeko garaipen garrantzitsua lortu zuten neskek. Orain, sailkapeneko bosgarrenak dira neskak, 11 punturekin. Datorren asteburuan, Leioako Emakumeak taldearen aurka –sailkapeneko bigarrenak– arituko da Gorka Zubizarretaren taldea nor baino nor gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide