Dean Team, tabernatik futbolarekin amestera

Ihintza Elustondo 2021ko urr. 22a, 10:00
Josu Godoy, Javi Soto eta IƱigo Segui, taldeko kamisetak eskuetan dituztela. (Ihintza Elustondo)

Duela urte batzuk, barrualdeko jokalariek ohitura handia zuten Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan parte hartzeko. Azken urteotan behera egin du joera horrek, baina Azkoiti-Azpeitiko talde bat animatu da aurten: Dean Team.

Futbolean ibiliak denak, aspaldian albo batera utziak gehienak. Azpeitiarra bat, beste 21 azkoitiarrak, baina lagunak guztiak; betidanik batzuk, parrandatik besteak. Jantzi dituzte kamiseta urdinak, eta ilusioak ez dituzte makalak. Izan zitekeen Dream Team, baina hauek dira Dean Team; bilgune duten tabernaren izenarekin osatu dute ametsetako taldea. Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketan –plaieroetan– izena emanda, igande goizetan partidak jokatzeko prest dira. Horrenbestez, tabernatik futbol zelaira egingo dute jauzia.

Josu Godoy (Azkoitia, 1991), Javi Soto (Azpeitia, 1994) eta Iñigo Segui (Azkoitia, 1991) dira artaldeko hiru kide. Azken hori izan da taldea sortzeko ideia otu zaionetako bat. "Tailerrean getariar batzuek lan egiten dute gurekin, eta haiei beti entzuten genien plaieroetan jokatzera zihoazela. Guk beti aipatzen genuen gustura jokatuko genukeela. Azkenean, jendeari galdezka hasi ginen, eta halaxe osatu dugu taldea". Hala, 22 lagun elkartu dira, adin eta kuadrilla ezberdinetakoak. Zaharrenak berrogeitaka urte ditu, eta hogeitaka gazteenak. "Kuadrilla elegantea osatu dugu", adierazi du Sotok.

Azaroaren 7an hasiko da Hondartzako Futbol Txapelketa, eta apirila-maiatza aldean amaitu. Bi igandez behin jokatuko dituzte partidak, Zarauzko hondartzan. Neurketen ordutegia, berriz, marearen arabera zehaztu ohi dute antolatzaileek. Oraingoz, hamabost-hamasei taldek eman dute izena, baina oraindik talde gehiago anima daitezke, urriaren 24ra arte eman baitaiteke izena. Parte hartzen duten talde guztiek liga bat jokatuko dute, eta, behin txapelketa amaitzean, emaitzak kontuan izanda, liga jokatuko dute ondoen ibili diren taldeek, eta kopa sailkapenaren atzeko postuetan gelditu direnek. 11 lagunek jokatuko dute talde bakoitzean, eta nahi adina aldaketa egin ahal izango dira partidetan. 40 minutuko bi zati izango ditu neurketa bakoitzak. "Korrika egin behar", dio Seguik barrez, brometarako tarte gutxi izango dela adieraziz.

Ez da asko falta txapelketari ekiteko, eta hasi dituzte prestaketa lanak ere. Asteazken arratsaldeetan elkartzen dira, Elkarguneko zelai berrian. "Ahal dugun denok elkartzen saiatzen gara. Lana tarteko, denek ezin izaten dute bertaratu, baina beti biltzen gara 10-12 bat lagun". Denen artean bi talde osatu ohi dituzte, eta elkarren aurka jokatuz egiten dute entrenamendu saioa. "Ederki pasatzen dugu".

Dena den, ez da gauza bera belarretan edo hondarretan jokatzea. "Gogorra izango da hondarretan jokatzea; gainera, oinutsik, baloi gogorrarekin...". Badute asmoa saioren bat hondartzan egiteko, lehen partida jokatu aurretik. "Ohituko gara, 77 urtean ari dira jokatzen, eta inori ez bazaio orain arte ezer gertatu... Ez dadila pasatu ezer larririk, ja zahartzen hasita gaude eta", esan du Seguik.

Berezkoa duten umore ona galdu gabe, argi diote "lagunartean ondo pasatzea" dela helburua. "Baina baita lehiatzea ere. Noski dela gure helburua irabaztea, bestela ez genukeen txapelketan izena emango. Lehiatzera goaz, ez goiza pasatzera", adierazi du Seguik. Eta behin amesten hasita, txapelketa irabaziz gero, zer? Soto: "Beste elkarrizketa bat". Gehiago esatera ausartu da Godoy: "Orduan udaletxera". [Barreak].

Taldekideak, Dean tabernaren atarian. (Utzitakoa)

Borroka egiteko prest

Ilusioak ilusio, badakite aurrean dutena ez dela erronka makala izango; hala dio Sotok: "Beste taldeetan, plaieroetan jokatzen urte asko daramatzan jendea dago. Talde beterano asko daude, Realean jokatutako futbolariak... Txapelketa garrantzitsua eta serioa da". Lehiak eskatzen duen seriotasun hori mantentzeko, asmatu dute trikimailu bat: isun sistema baliatuko dute. "Igande goizean azaltzen ez denak diru kopuru bat ordaindu beharko du. Badakigu batzuetan biharamunarekin azalduko dela jendea, baina behintzat azaldu egin beharko da". Bildutako diruarekin, txapelketa amaitzean afariren bat edo? "Bai, horretan ziur asmatuko dugu", diote.

Taldearen indarguneaz galdetuta, Godoyk uste du "lagunarteko giroa" izango dela gakoa. Jokoari dagokionez, ordea? "Geuk ere ez dakigu oraindik", dio Seguik barrez. Hori denborak esango du, beraz. Ahulgunea, berriz, argi dute zein den: "Jende gehiena aspaldi lehiatu gabe gaude. Bi-hiru urte behintzat badira ia denok futbola laga genuela".

Hala ere, borroka egiteko prest daudela azpimarratu du Seguik: "Imajinatu azaroaren 21ean esnatzen garela [bezperan danborrada izango da Azkoitian], euria goian-behean ari duela, sekulako hotza egiten duela, eta goizean goizo ohetik irten eta Zarautzera... Joan behar baldin badugu, borroka egin beharko dugu". Publikoa, behintzat, ziurtatuta dute: "Jende askok esan digu partidak ikustera joango dela", esan du Godoyk. "Uste dut lehen asteetan jendea joango dela. Denek barrez esaten digute: 'Nik hori ikusi egin behar diat'. Ea hala den...", erantsi du Seguik. Sotok jendea animatu nahi du. "Salda eta kafea termoan hartu eta gu ikustea ez da plan txarra...". Jokatzeko gogoa duenak ere badu oraindik horretarako aukera. "Oraindik irekita dago izen ematea, eta ea barrualdetik beste talderen bat animatzen den. Ederra izango litzateke derbi bat jokatzea", azaldu du Seguik.

Jokalarietako asko "parrandazale samarrak" direla aitortu dute, eta agian, jende askok zalantza egingo du igande goizetan behar den maila erakutsiko duten ala ez. Hori pentsatzen dutenentzako ere badute erantzuna. "Bi astez behin dira partidak, eta beste bi astean behin egin daiteke parranda", bota du Seguik. "Hori da, denerako aukera dago", erantsi du Sotok. Txapelketa "juerga ez egiteko aitzakia bat" ere badela uste du Godoyk, eta "behintzat kirola" egingo dutela. Segui: "Gainera, partida jokatu eta gero har ditzakegu trago batzuk Pilar plazan". Barreari eutsi ezinik, ondorio borobila atera du Sotok: "Orain domingero bilakatuko gara".

Entrenamendu zelaian. (Utzitakoa)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide