Kabaretaren azken doinuak

Anartz Izagirre 2021ko urr. 20a, 08:55
K-baret antzezlanaren emanaldiko irudi bat, Azpeitiko Soreasu antzokian. (Alberto Beloki / Kulturaz

Bigoterik Gabea antzerki taldeak 'K-Baret' ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko du gaur Donostian. Zazpi emanaldi eta gero, lau urteko ibilbidea itxiko dute.

Lau urte igaro dira Azkoitiko Bigoterik Gabea antzerki taldea K-baret deituriko ikuskizuna prestatzen hasi zenetik. 2019ko martxotik hona zazpi emanalditan sarrera guztiak agortu ostean, gaur azkenengo aldiz igoko da Azkoitiko taldea ikuskizun horrekin agertokira. Ez da, gainera, edonolako agurra izango, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eskainiko baitute emanaldia, 19:00etan hasita.

Xabier Barquero (Azkoitia, 1997) da ikuskizun horren atzean dagoen protagonistetako bat. Hura da Kari Alberdirekin batera taldea zuzentzen aritu den pertsona, eta ikuskizunean bertan ere parte hartzen du. "Urduri" daudela adierazi du, baita "penaz" ere, azken emanaldia delako: "Dolu prozesu bat bizitzen ari garela esan dezakegu, lau urte eman baititugu proiektu honetan lanean. COVID-19ak eragindako pandemia dela eta, hasieran uste genuena baino herri gutxiago bisitatu behar izan ditugu ikuskizunarekin, baina ibilbidearen balorazio oso positiboa egiten dugu".

K-bareten sinopsiak dioenez, dumontarren kabaret zaharrak urteak daramatza itxita, eta Rosek eta Juliettek kabaretaren ateak berriro irekiko dituzte. Lokal horretan hainbat artista arituko dira bezeroen egonaldia arintzen. Guztira, 30 pertsonako lantaldea eratu zuten Barquerok eta lagunek ikuskizuna errealitate bihurtzeko, eta denen ordutegiak kudeatzea "oso zaila" izan dela azaldu du azkoitiarrak: "Formula egokia topatu dugu, baina larunbatetako entseguak prestatzea, adibidez, odisea bat izan da". Izan ere, K-bareteko partaide guztiak gazteak dira, eta beren lana edo ikasketak dituzte ikuskizunetik kanpo.

Hirugarren musikala

K-baret ez da Bigoterik Gabea taldeak egiten duen lehen antzezlan musikala; izan ere, aurretik Rise & Shine eta Shine Again ikuskizunekin hainbat oholtza igaro zituen Azkoitiko taldeak. "16 urte genituen Kari eta biok antzezlanak zuzentzen hasi ginenean, eta ideia handirik izan gabe ekin genion lanari. Pauso handia izan zen guretzat", azaldu du azkoitiarrak. Halaber, aktoreen bilakaera ere nabaria izan dela azpimarratu du: "Eboluzio oso handia ikusi dugu. Izan ere, gurekin hasi ziren gaztetxoak hazi egin dira, eta, adibidez, orain grabazio estudiora sartzen garenean konturatzen gara nolako abestiak egiten ditugun. Antzezteaz gain formatu egiten gara, eta garrantzi handia ematen diogu horri".

Bestalde, K-baret ikuskizunak berak ere aldaketak izan ditu lehen aldiz egin zutenetik gaur egun arte: "Gu talde bezala etengabe aldatzen ari gara, eta emanaldia bera ere aldatu egin dugu. Gidoiari buelta batzuk eman dizkiogu, eta agerraldi batzuk goitik behera aldatu ditugu. Lan handia eskatzen duen proiektua izan da, tamaina handikoa".

Alde horretatik, "ikuskizunarekin bukatzeko beharra" antzeman du azkoitiarrak: "Lau urte, azkenean, luze egiten dira, eta gainera, konfinamenduak asko luzatu du kontua. Dena berrantolatu behar izan dugu, eta beste askok bezala guk ere berrasmatzen ikasi behar izan dugu. Taldeko kideok astero-astero egiten genituen bideoak konfinamenduan zehar, eta horiek sare sozialetan publikatzen genituen. Kultur taldea garen aldetik sortzeko beharra dugu, eta borroka asko egin behar izan dugu aurrera egiteko. Instituzioen aldetik oso mezu kontrajarriak jasotzen genituen, eta hutsune bat ikusi dugu hor. Erakundeekin harreman zuzen bat ez izateak gauzak asko zaildu dizkigu".

Harrera "ezin hobea"

Oztopoak oztopo, Barquero eta bere taldea "oso gustura" daude K-baretek jendartean izan duen erantzunarekin, eta mezu "oso positiboak" jaso dituztela nabarmendu du: "Jendeak ikusi du asko mimatutako proiektua dugula. Zentzu horretan, askok esan diguten zerbait da emanaldia behin baino gehiagotan ikusi, eta xehetasun desberdinekin ohartu direla. Hori oso aberasgarria iruditzen zaigu. Ikuskizunak jendeari aldiro gauza desberdinak eragitea oso interesgarria dela iruditzen zait".

Ikus-entzuleak ez dira izan K-baret ikuskizuna goraipatu duten bakarrak. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako antzezlan onenaren izendapena jaso zuten Coca Colak antolaturiko Buero Vallejo sariketan, eta "gustura" hartu zuten berria taldekoek: "Beti esaten dugu sariak sariak baino ez direla, guk benetan topatzen duguna gu ondo egotea da, eta publikoaren harrera ona izatea. Halere, sariek indarra ematen dute, eta zuk egindako lana baloratua izatea oso pozgarria da".

Datozen hilabeteei begira, Bigoterik Gabea antzerki taldeak ez du besoak gurutzatuta gelditzeko asmorik, eta "zerbait" egingo dutela azaldu du Barquerok, nahiz eta momentuz "atsedena" behar dutela dioen, "indarrak hartzeko". Esku artean duten proiektu baten berri eman du: "Azkoitiko kultur sortzaileak saretzen hasteko Kimuak proiektua dugu esku artean, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herriko sortzaileak herritarrei erakustea, horiek ezagutu ditzaten. Pandemiagatik atzeratu egin behar izan genuen egitasmoa, egoerak gauzak zaildu baitzizkigun, baina laster berrartuko dugu berriro ere".

Bigoterik Gabea taldea herritik eta herriko nahiz inguruko jendearekin sortutako proiektua da. Hain zuzen ere, hori da, besteak beste, taldeak bultzatu nahi duena: "Askotan esan izan digute ingurukoek: ‘Ez nekien herrian hainbeste artista zegoenik’. Bada, bai; Azkoitian kultur sorkuntzan dabiltzan norbanako asko daude. Gure asmoa horixe da, kultura sortzea eta eginaraztea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide