Sidenorren ekoizpen eteteak ez du eragingo Azkoitiko lantegian

Ane Olaizola 2021ko urr. 19a, 10:57

Argindarraren prezioaren "neurrigabeko" igoeraren ondorioz, abenduaren 31ra bitartean hogei egunez itxiko dute enpresa, baina soilik Basauriko lantegian (Bizkaia) ezarriko dute neurria.

Sidenor altzairutegi taldeak joan zen astean jakinarazi zuen hogei egunez itxi egingo dutela enpresa, energiaren prezioaren "neurrigabeko" igoeraren ondorioz. Enpresak Maxixatzen-i baieztatu dionez, ordea, erabaki horrek ez du eraginik izango Azkoitiko lantegiaren jardueran.

Urtea amaitzerako, aurretik dituzten lan egunen %30etan itxiko dute taldeko egoitza nagusia, Basaurikoa (Bizkaia). Euskal Herrian, beste bi lantegi ditu Sindenorrek: Azkoitian eta Gasteizen, eta horietan ere "erabaki bera" hartu beharko dutela esan zuen enpresak joan zen astean. Dena den, Sidenorrek hedabide honi argitu dio soilik Basauriko ekoizpena geratuko dutela eta hango "langile batzuei" eragingo diela neurriak.

Enpresaren arabera, udaz geroztik argindarraren prezioa izaten ari den igoeraren ondorioz, ekoizpen kostua %25 garestitu zaio enpresari; orain, megawatt-ordua 260 euro ordaintzen ari da eta duela urtebete, 60 euro.

Euskal Herrian, argindarrarengatik ekoizpena gelditu behar duela iragarri duen lehen enpresa da Sidenor. Era berean, aurreratu du "argindarraren prezioaren kontrolik ezak jarraituz gero", beste neurri batzuk hartu beharko dituela.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide