Teknologia berrien arriskuen inguruko kontzientziazio saioak izango dira aste honetan, Elkargunean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 18a, 12:11

Asteazkenetik ostiralera bitartean izango dira tailerrak, Elkargunean. Teknologia berrien erabilera okerrak gaztetxoen artean ekar ditzaketen arriskuen prebentzioa lantzea du helburu tailerrak.

Udaleko Gazteria sailak teknologia berrien erabilerari lotutako gehiegikerien eta arriskuen inguruko kontzientziazio saioak antolatu ditu. Gaztetxoak teknologiara hurbiltzeko bideojokoen edo programazioaren inguruko ikastaroak antolatzen ditu udalak urtean zehar, eta aste honetan eskainiko dituzten saioek teknologia berrien erabilera okerrak ekar ditzakeen arriskuen prebentzioa lantzea dute helburu.

Udalaren esanetan, "guztiz beharrezkoa" bihurtu da Interneta eta gailu digitalak modu seguruan erabiltzearen kontzientzia lantzea, batez ere, erabiltzaile gazteenen artean. Horregatik, aste honetan 'Sareetan' izeneko saioak egingo dituzte Elkargunean.

Urriaren 20an, asteazkenean, DBH1 eta DBH4 arteko neska mutilei zuzendutako saioa izango da Bateratu goiburupean. Ostiralean, berriz, LH4 eta LH6 adin tarteko haurrei zuzendutako saioa eskainiko dute sareen eta ziberbizikidetzaren inguruan; bi saioak 17:15etik 18:45era izango dira.

Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako jardunaldiez gain, hirugarren bat ere antolatu da familientzat. Nerabezaroa konektaturik. Internet, mugikorrak eta sare sozialak, ezinbestekoak? izeneko saioa ostegunean izango da, 15:15etik 16:45era bitartean, Elkargunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide