Portaleburu izango da Azkoitiko erakusketa areto berria

Andoni Elduaien 2021ko urr. 16a, 08:45

Gune honetan jarriko du udalak erakusketa areto berria.

Udalaren arabera, Azkoitiko plazaren lehen izena da Portaleburu. Urtea amaitu aurretik aretoaren ateak irekitzea nahi du udalak, eta horretarako 47.385 euro inguru bideratuko ditu erakundeak.

Urtea amaitu aurretik zabaldu nahi du udalak erakusketa areto berria, baina dagoeneko badu izen berria: Portaleburu. Aurrerantzean, izen hori hartuko du Azkoitiko erakusketa aretoak. "Aurki" irekiko ditu ateak gune berriak; izan ere, "laster" hasiko dituzte bertan egokitze lanak.

Udalaren asmoa da urte amaierarako Portaleburu erakusketa aretoa "prest" izatea, herriko zein kanpoko artistek beren lanak erakutsi ahal ditzaten. 47.385,61 eurokoa da erakusketa areto berriaren egokitzapen lanen aurrekontua.

Udaletxearen beheko solairua Herritarren Arreta Zerbitzuak eta Udaltzaingoak partekatzen zuten lehen, baina, udalaren iritziz, tokia "txikiegia" zen herritarren "kalitatezko zerbitzua" eskaintzeko. Hori horrela, eta behin behineko konponbide gisa, Torrezuri erakusketa aretoa tokialdatzea erabaki zuen udalak, eta erakusketa gunea Udaltzaingoarentzat uztea. Ondorioz, udalak ondoko lokala alokatu zuen erakusketekin jarraitu ahal izateko.

Portaleburu, plaza izena

Udalak adierazi duenaren arabera, Azkoitiko plazaren lehenengo izena da Portaleburu, eta hortik hartu dute aretoari izen hori emateko erabakia. Harresitutako barrutiaren sarrerako atariei egiten zien erreferentzia, eta agian, Bergarako atariari. Modu irekian, Portaleburun elkartzen zen udala XVI. mendean ordenantzen eta beste hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko. Herriko jaietan, gainera, Portaleburu zezen plaza bihurtzen zen, dokumentuetan jasota dagoenaren arabera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide