Literatur solasaldiak Azkoitia Lagunkoiaren aktibitateen baitan eskainiko dituzte aurrerantzean

Andoni Elduaien 2021ko urr. 18a, 09:00

Egun hamar laguneko taldeak parte hartzen du literatur solasaldietan, baina nahi duen orok du izena emateko aukera. Asteazkenero bilduko dira Elkargunean, 16:30etik 18:30era bitartean.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak Helduen Eskoletan literatur solasaldiak kentzea erabaki zuen aurreko ikasturtearen amaieran. Azkoitian emakume talde bat astero bildu ohi zen aurrez etxean irakurritako liburuen inguruan solasteko, eta egoera berriaren aurrean, udaletxera jo zuen taldeak irtenbideren bat eskatzeko,

Udalak azaldu du, aukerak "aztertu" ondoren, literatur solasaldiak Azkoitia Lagunkoiaren aktibitateen baitan eskaintzea erabaki dutela. Taldekideak urriaren 6an elkartu ziren aurrenekoz ikasturte berriko lehen solasaldia egiteko, eta aurrerantzean asteazkenero Elkargunean egingo dituzte saioak, 16:30etik 18:30era bitartean.  

Taldea hamar emakumek osatzen dute une honetan, baina saioak irekiak direnez, nahi duen orok parte har dezake. Izena eman nahi duenak, berriz, udaletxeko 943-08 00 80 telefono zenbakira deitu beharko du, eta han Azkoitia Lagunkoiaren edota literatur solasaldietako arduradunekin jarriko dute harremanetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide