Udala herriko irisgarritasun plana eguneratzen ari da

Andoni Elduaien 2021ko urr. 17a, 08:45
Udalaren jabetzakoak diren 25 eraikin ari dira aztertzen, besteak beste.

Ingartek Consulting enpresa ari da irisgarritasun plan berriaren lanketa egiten, eta hil honen amaierarako amaituta egongo da plana. Udalak azaldu du, "ahal den neurrian" jasotako zuzenketak egiten hasiko dela ondoren.

Azkoitiko Udala irisgarritasun plana eguneratzen ari da. Ingartek Consulting enpresa ari da lanketa gauzatzen, eta hamasei asteko epea du lana egiteko. Udalaren arabera, urriaren amaierarako planak eginda egon beharko luke. 35.029,5 euroko aurrekontu du irisgarritasun plana eguneratzeko proiektuak.

Besteak beste, herriko oinezkoen ibilbideak, udalaren jabetzakoak diren 25 eraikin publikoak, garraioari lotutako alderdiak eta komunikazioarekin nahiz jendearentzako arretari dagozkionak, hala nola seinaleztapena edota udalaren webgunea aztertuko dituzte lanketan. Udalak azaldu du, lanketa amaitzen denean, jasotako zuzenketak egiten joango dela udala "ahal den neurrian".

Guillermo Aparicio eta Ane Alvarez ari dira herriko eraikinak aztertzen, eta beraien iritziz, irisgarritasun kontuetan "ahalegin handia" ari da egiten oro har, baina "zaila" da bazter guztietara heltzea. "Guk 25 eraikineko zerrenda dugu. Kontuan hartzen dugu aldaparik dagoen, eskailerak eta igogailuak, seinaleztapena, botoien argitasuna, ateen zabalera nahikoa den, lurzorua irristagaitza den, bilera-geletan bira emateko espaziorik ba al dagoen, alarmarik jarrita ba al dagoen, komunak nola dauden...".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide