Eduki babestua

Piztu herrixe!

Maxixatzen.eus 2021ko urr. 14a, 15:47

Sektore guztiei laguntzeko helburua duten bonuak salgai jarriko ditu Azkoitiko Udalak Herrixen Merkatari elkartearen laguntzarekin urriak 22an.

30 euroren truke, 60 euroko bonuak eskuratu ahal izango dira, 10 euroko sei txarteletan banatuta eta txartel bakoitza kolore batekin identifikatuko da. Sektore bat, kolore bat. Bonuak onartzen dituzten dendek, beraien sektoreari dagokien kolorea bistan izango dute, horrela, kolore horretako bonua erabili beharko da denda horretan erosteko.

Arduradunek argi dute: “Koloreztatutako bonuen helburua garbia da; kontsumoa ez dadila kontzentratu establezimendu gutxi batzuetan. Sektore guztietara zabaldu nahi dugu. Era berean, herrian ditugun saltokiei ikusgarritasuna eman nahi diegu, eta agerian utzi Azkoitian merkataritza establezimendu aukera zabala dugula, era guztietako produktuekin eta zerbitzuekin”. Beraz, Piztu herrixe! lelopean abian jarritako kanpainak herritarren sentsibilizazioa lortu nahi du.

Urriaren 22an erosle bakoitzak bi txartel erosi ahalko ditu, eta honetarako hiru bide izango dira, www.azkoitia.eus, www.dendago.com/azkoitia, (bonuak etxean edo udaletxeko harreran jaso ahal izango ditu) edo Kontzejupean, aurrez aurre, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara. Erosketaren unean, NAN zenbakia eskatuko da. Txartelak erabiltzeko azken eguna, berriz, azaroaren 21a izango da.

AURREZTU ETA LAGUNDU HERRIA PIZTUTA MANTENTZEN!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide