Urtebetean 2,3 puntu jaitsi da herriko langabezia tasa

Julene Frantzesena 2021ko urr. 19a, 08:45

Uda sasoia bukatuta, herriko langabezia tasak behera egin du. Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,9koa zen herriko langabezia tasa. Urola Erdiko zenbatekoaren gainetik, baina Gipuzkoako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehunekoen azpitik dago Azkoitiko tasa.

Udako oporren ostean, behera egin du Azkoitiko langabezia tasak. Izan ere, Lanbidek emandako datuen arabera, irailean %7,9koa zen herriko langabezia tasa; hau da, 459 lagun zeuden lanik gabe Azkoitian.

Uda hasi zenetik herrian jaso den daturik onena da; zehazki, ekainean baino 13 lagun gutxiago, uztailean baino 5 gutxiago eta abuztuan baino 21 gutxiago zeuden irailean langabezian. Are gehiago, 2020ko iraileko datuarekin alderatuz gero ere, behera egin du langabetu kopuruak: orduan 599 lagun zeuden lanik gabe, hau da, herritarren %10,2 zeuden lanik gabe. Beraz, urtebetean 2,3 puntu jaitsi da ehunekoa.

Dena den, generoaren arabera, alde nabarmena dago langabezian dauden herritarren artean: gizonen artean %6,6 dira langabetuak, eta emakumeen artean, %9,4.

Azkoitiko langabezia tasa Urola Erdikoaren (%7,6) gainetik, baina Gipuzkoakoaren (%9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoaren (11,1) azpitik dago. Dena den, irailean tasa horiek guztiek egin dute behera.

Urola Erdiko herrietan ere antzekoa da joera; herri guztietan egin du behera langabetuen kopuruak urtebetean. Hala eta guztiz, 1.210 lagun daude lanik gabe gaur egun. Herri horien artean Aizarnazabal da tasarik altuena duen herria (%11), eta haren atzetik daude hurrenez hurren, Beizama (%9,1), Azkoitia (%7,9), Zestoa (%7,7), Azpeitia (%7,4) eta Errezil (%5,4).

Hona hemen eskualdeko langabeen kopuruak, herrika:

  • Aizarnazabal: 42 langabetu 2021eko irailean (iazko irailean baino 13 langabe gutxiago).
  • Azkoitia: 459 langabetu (iazko irailean baino 140 langabe gutxiago).
  • Azpeitia: 539 langabetu (iazko irailean baino 196 langabetu gutxiago).
  • Beizama: 5 langabetu (iazko irailean baino langabe bat gutxiago).
  • Errezil: 17 langabetu (iazko irailean baino bi langabetu gutxiago)
  • Zestoa: 148 langabetu (iazko irailean baino 30 langabe gutxiago)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide