Sostenipek deitutako elkarretaratzean Gasteizko hilketa salatu dute

Andoni Elduaien 2021ko urr. 13a, 20:59
Arratsaldeko elkarretaratzeko irudi bat.

Gizon batek neska laguna hil zuen atzo Gasteizen. Horren harira Sostenipe talde feministak elkarretaratzea egin du arratsaldean, eta plazan bildutako herritarrek gaitzetsi egin dute hilketa.

Gizon batek neska laguna hil zuen atzo Gasteizen, eta hilketa hori salatzeko elkarretaratze isila egin du arratsaldean Sostenipe talde feministak, plazan. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean egin dute kontzentrazioa, eta han bildutako herritarrek emakumeen aurkako "sarraskia" amaitzeko eskatu dute. 

"Presazkoa da ekintzetatik praktikara salto egitea berehala, indarkeria matxista errotik sostengatzen duten genero sistema eta botere harremanak deuseztatzeko. Izan ere, erailketa hau ez da fenomeno isolatu bat, bizi garen jendartearen antolaketa sakonki sexistaren emaitza baitzik", azaldu dute Sostenipeko kideek elkarretaratzearen amaieran egin duten irakurketan.

Sosteniperentzat egoera "jasanezina" da. "Dei egiten diegu eragile sozial, ekonomiko, instituzional, politiko zein kultur arloko guztiei, indarkeria matxistaren aurka tinko borrokatzeko eta gaitz honen aurrean arduraz jokatzeko. Norbanakoen zein kolektiboen ardura da indarkeria matxistarekin amaitzeko urratsak ematea, eta horretarako ezinbestekoa da denok lehen mailako arazotzat hartzea". Era berean, autodefentsa feministaren aldeko deia egin du talde feministak, "herriko bizitzak jokoan" daudelako, eta horiek "defendatu" egin behar direlako.

Azkoitiko Udalak, bestalde, "ozen" eta "irmo" gaitzetsi du Gasteizko hilketa matxista. Halaber, udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako zinegotzi gehienak izan dira elkarretaratzean. "Egin dezagun guztiok lan horrelako giza eskubideen urraketa onartezinak eta ankerkeriak desagerrarazteko", azaldu du sare sozialen bidez erakundeak. 2003. urtetik hona 112 emakume hil dituzte Euskal Herrian.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide