Iker eta Eneko Sarasua anaiak Euskal Herriko 45. Dantza Txapelketan lehiatuko dira

Andoni Elduaien 2021ko urr. 14a, 08:45
Iazko txapelketako irudi bat (Argazkia: Goierriko Hitza)

Etzi, zapatua, izango da txapelketa Segurako Baratze pilotalekuan (18:00). Sarasua anaiek azpeitiarrekin osatuko dute bikotea Azkoitiko udalerria ordezkatzeko. Era berean, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako bi bikote azpeitiar ere Segurako txapelketan lehiatuko dira.

Larunbatean jokatuko da Euskal Herriko 45. Dantza Txapelketa Seguran (Gipuzkoa). Han izango dira Iker eta Eneko Sarasua dantzari azkoitiarrak. Bi anaiek azpeitiarrekin osatuko dute bikotea; izan ere, Enara Arrizabalagarekin arituko da Iker Sarasua, eta June Elorzarekin Eneko Sarasua. Aurten, hamabost bikotek eman dute izena, eta horien artean dira Bizkargi Musika eta Dantza Eskolan aritzen diren Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza nahiz Laura Bastida eta Ekain Uzkudun bikoteak ere.

Saioa 18:00etan hasita egingo dute, Segurako Baratze pilotalekuan. Dantzariek fandangoa dantzatu beharko dute txistuz eta albokaz lagunduta; arin-arina, aldiz, trikitiarekin dantzatuko dute. Urtero legez, hainbat sari banatuko dute: Segurako Udalaren sari nagusia, bigarren saria, hirugarren saria, Guillermo Areizaga sari berezia –lehen aldiz aurkezten direnen artean–, jantzi onenaren saria, herriko bikote onenaren saria eta lurraldeetako bikote onenen sariak.

Honako dantzari hauek parte hartuko dute aurtengo txapelketan:

  • Xabi Dupuy eta Xanti Eyherabide (Beskoitze)
  • Enara Arrizabalaga eta Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
  • Irati Olaizola eta Idoia Narbaiza (Legazpi)
  • June Elorza eta Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia)
  • Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza (Azpeitia)
  • Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo (Bergara)
  • Elaia Elorza eta German Aranburu (Azpeitia)
  • Amaia Apezetxea eta Idoia Salha (Hendaia-Donibane Lohitzune)
  • Katerin Artola eta Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo)
  • Marie Feyri eta Battitt Etchart (Bidart-Bidarrai)
  • Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun)
  • Maren Galvez eta Gorka Granado (Lezo-Sopela)
  • Oihana Betelu eta Pierre Latasa (Baiona-Urruña)
  • Laura Bastida eta Ekain Uzkudun (Azpeitia)
  • Oihana Dottax eta Antton Barcos (Ainhoa-Beskoitze)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide