Giza eskubideak, norentzat?

Erabiltzailearen aurpegia Sara Rodriguez 2021ko aza. 1a, 15:00

Sara Rodriguezek urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Giza eskubideak, norentzat?'.

Ba omen dago Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala izeneko akordio moduko bat. Mundu osoan babestu behar diren giza eskubideak barne biltzen dituen hitzarmena da. Zerbait entzun izan ohi dugu, berez ditugun eskubide horiei buruz. Hor daudela ere badakigu, baita ez direla betetzen ere. "Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasunetan eta eskubideetan berdinak, eta elkarren artean senidetasunez jokatu behar dute". Era horretan hasten da, 30 artikuluk osatzen duten eskubideen zerrenda. "Bizitzaren, askatasunaren eta segurtasunaren" eskubideak zerrendatzen jarraitzen du. "Arrazak, koloreak, sexuak, hizkuntzak, erlijioak, iritzi politikoak, jatorri nazionalak edo sozialak, posizio ekonomikoak... ez dutela inondik inora deklarazio honetan jasotzen diren eskubideen bereizketarik baldintzatuko", hori ere esaten du adierazpenak.

Horren aurrean, adierazpen horrek esaten duenaren arabera, guztiok bizimodu duin bat eskuratu genezake, ezta? Tamalez, ordea, badakigu hori ez dela horrela. Botere burgesak sortutako berezko eskubide horiek, zuriketa hutsa dira.

 

Egun dugun sistema kapitalistaren ondorioz, biolentzia estrukturala eguneroko ogia da

 

Oraingoan, Koldo Arribillaga 55 urteko gizon gasteiztarraren hilketari buruz hitz egin nahi dut. Koldo 2019an etxetik kaleratu zuten hipoteka ezin zuela ordaindu argudiatuta. Gasteizko Gizarte Zerbitzuek ez zioten bestelako etxebizitzarik eskaini; beraz, taberna izandako lokal batean bizi zen. Egoera horretan egoteagatik eta etxebizitza duin bat eskuratu ezean, Osakidetzak behar zuen ebakuntzarako eskubidea deuseztatu zion. "Ebakuntza ondorengoa igarotzeko etxebizitza egokirik ez" zuela argudiatu zuten. Irailaren 8an hil zen bihotzeko baten ondorioz, Gasteizko Txagorritxu ospitalean.

Gaur egun dugun sistema kapitalistaren ondorioz, biolentzia estrukturala eguneroko ogia da. Boteredunek, beren boterea betikotzeko, ezinbestekoa dute langile klasearen aurkako biolentzia forma guztiak martxan izatea, hala nola lan esplotazioa, etxegabetzeak, kontrol soziala eta mota guztietako ankerkeri instituzionalak. Koldo kaleratua izan zen, bazterkeria egoeran aurkitzen zen, eta erakundeek (haiek ere Koldoren egoeraren errudun) beste aldera begiratzen jarraitu zuten. Hori horrela, langileria babesgabetasun zein ezegonkortasun egoera jarrai batean bizitzera kondenatuta dago.

Horren aurrean, klase elkartasunaren aldarria egitea ezinbestekoa zait. Langileriaren kontrolpeko guneak behar ditugu, eta okupazioari ekin. Klase borrokaz eta langile kontzientziaz aritzea ezinbestekoa dugu egungo sistema kapitalistarekin amaitzeko. Beraz, langileon antolakuntzari ekin!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide