Erretratua

Xebas Larrañaga: "Beti zerbait berria egin nahian nabil"

Andoni Elduaien 2021ko urr. 24a, 12:45
Xebas Larrañagaren marrazkia. (Gorka Larrañaga)

Haurra zenerako sortzen zien "harridura" herriko eraikinetako irudiek eta formek egun eskultorea den Xebas Larrañagari (Azkoitia, 1962). Gaur ere haurtzaroan zuen senak markatzen dio hartu beharreko norabidea zein den. Lanerako gustuko ditu "bakardadea" eta "sosegua", baita berritasuna ere. Artistak argia eman die bere pentsakerari eta ikuskerari.

Ume-umetatik marraztu izan duen horietakoa da Xebas Larrañaga. "Bideak" eraman du egun dena izatera. "Eskolan ez nintzen ona, baina marrazten onena. Ni murgildu egiten nintzen orduan, dena ematen nuen marrazterakoan. Inork erakutsi gabe arkatza hartu, eta jardun egiten nuen". Eskultoreak behin baino gehiagotan adierazi du, haurtzaroan “harridura” sortzen ziela herrian ikusitako formek eta irudiek. "Elizan ikusitako harriek harritzen ninduten. 3 edo 4 urte nituenerako, banekien, nolabait, harria menditik zetorrela, eta taila edo zutabe bat zuhaitzetik. Halere, material haiei itxura nork eta nola ematen zien galdetzen nion askotan neure buruari, eta horrek harritzen ninduen".

Larrañagaren egurrezko eskultura batzuk.

Bakarrik egin ohi du lan, eta bere burua "soseguz" hartu zalea da Larrañaga. "Bakardadean lan egiten dut. Elgoibarren [Gipuzkoa] dudan lantegian sartuta egon ohi naiz aste osoan. Ez nahiz protagonismo zalea. Nire ibilbideari ikusle moduan begiratzen baitiot, eta nire lanak egile bezala ikusteagatik egiten dut lan modu honetan". Halaber, sentimenduekin eta sentsazioekin jolastu ohi du Larrañagak, baita gauza arrazionalekin ere. "Egiten ari naizena zergatik eta nola egin behar dudan erabaki behar izaten dut. Lanerako onena gauzak lasaitasunez hartzea izaten da, bakean egotea eta behin hasitakoan burutaziorik ez izatea". Gainera, lanak "bizirik" sentitzen ditu Larrañagak eskuetan dituenean; behin amaitutakoan, ordea, "beste zerbait" bihurtzen dira. "Kostatu egiten zait lanak amaitzea; izan ere, orduan sortzen dira damuak, beste era batera egiteko ideiak... Lortzen dudan lana hobeto egiteko gai naizela sentitzen dut barruan". Larrañagak, gainera, badu halako lotura bat egurrarekin; benetan du gustuko egurra lantzea. "Egurrak lasaitu egiten nau, komunikazioa sentitzen dut. Era berean, enborrarekin eta zuhaitzarekin anaitasuna dudala sentitzen dut; izan ere, pentsatu baino gehiago sentitu egiten dut askotan. Zuhaitza izandako zati bati bigarren bizi bat eman nahi izaten diot".

Larrañaga Diego Garcia zenaren eskultura lantzen.

Edozein lanetan da garrantzitsua gustura egotea, eta hala azpimarratu du azkoitiarrak. Bera eta berritasuna lokarri beretik lotuta doazela aitortu du. "Lanean gustura egotea da eskultore batek izan dezakeen unerik onena; izan ere, jardunak ekartzen ditu talentua eta abilezia. Egiten duzuna hurrengoan hobeto egin nahi izaten da beti, baina egiten ez dakidana egiten saiatzen naiz ni. Ez du emoziorik dakidana egiteak. Beti zerbait berria egin nahian nabil". Hein batean, barruan irudikatutako lanen bila ibili ohi da. "Lana egiten hasi aurretik irudikatu egiten dut buruan egin behar dudana. Lana amaitutakoan sentitzen dudana eta egiten hasi aurretik barruan sentitutakoa gauza bera badira, sentsazio onak izan ohi ditut. Aldiz, lana barruan irudikatutakoa bezala ateratzen ez bada, tortura da". Hitz hori erabili du eskultoreak, bera ez baita inoiz "gustura" gelditzen amaierako emaitzarekin. "Irudikatutakoa %100ean lortzea ezinezkoa da bizitzako esparru ia guztietan, baina, horren bila ibili beharra dago. Urteekin neure buruarekiko kritiko bihurtu naiz, eta horregatik, gailur batera iritsi naizela sentitzen dudanean, beste gailur handiago baten bila abiatzen naiz".

Xebas Larrañaga, eliz atariko barriketan.

Kulturgileak gustuko

Larrañagak lan ugari egin ditu bere ibilbidean zehar, eta horietako bat baino gehiago ikus daitezke Azkoitian. Halere, baditu bat bestea baino gustukoagoak dituen lanak. "Kuttunenak ditudan lanak Azpeitian daude. Batetik, Amatasuna eskultura, ama izatearen zentzua modurik handienean ikus daitekeelako, eta bestetik, Diego Garcia eskultura. Garcia eta biok batera hazitakoak gara, umetatik ezagutzen ginen elkar eta sentimenduarekin egindako lana izan zen".

Laboaren buztina lantzen.

Begiko ditu Larrañagak, era berean, euskal kulturgileen lanak egitea. Oraindik amaitu ez baditu ere, esku artean ditu Mikel Laboa eta Benito Lertxundi abeslarien buztin lanak. Mikel Laboaren lana egitea 2009an bururatu zitzaion, baina ez zen hasi 2013ra arte. "Herritar bezala, gustuko dut Mikel Laboa. Buruan bueltaka nuen haren eskultura egiteko ideia, eta edozein unetan agertzen zitzaidan aurrean bere irudia, izan kalean edota etxean. Hortaz, pentsatu nuen lana egin edo ahaztu beharra nuela. Laboak merezi zuela pentsatuta, ordea, egitea erabaki nuen".

Larrañaga, Benito Lertxundiren irudiarekin.

Benito Lertxundiren lanari ekitea "kuriosoa" izan zen azkoitiarrarentzat. "Laboarena hasi eta gero, pentsatu nuen bizirik zegoen pertsonaia bat landu behar nuela. Euskal Herriko paisaiek Laboaren eta Lertxundiren doinuak eta ahotsak dituzte niretzat, eta horregatik erabaki nuen Lertxundirekin hastea". Orioko (Gipuzkoa) udaletxera jo zuen Larrañagak lehenik, eta han

lortu zuen oriotarrarekin harremanetan jartzea. Anekdota bat ere badu horren inguruan: "Benito Lertxundi aurrean nuela egin nuen eskultura. Gainera, musikariak berak jarduten zuen askotan buztina lantzen. Une horiek historikoak dira niretzat". Jakina, Larrañagak bideoan du gordeta Lertxundi bere eskultura lantzen ikus daitekeen unea. Lertxundik azkoitiarrari Hori ni naiz Xebas, ez dut gehiago ukituko esan zion arte landu zuten buztina Orion.

Atano III.aren eskultura, Azkoitiko lehengo Torre-Zuri erakustokian.

Oraindik orain, hilero bi lan horien buztinari mantenu lana egiten jarraitzen du Larrañagak, baina, orain, amaitu egin nahi ditu biak. "Mikel Laboaren eta Benito Lertxundiren lanak hartu eta amaitu egin nahi ditut. Epe motzera horiek dira egin nahi ditudan lanak". Lan handi horiek egitez gain, baina, badu egunero zerbait egiteko. Gaurkoan, herrian dituen eskulturak bisitatu ditu, egiteko hori ere eskultore baten egitekoen zerrendan sartzen baita.

Motzean

Adina: 59 urte.

Ikasketak: autodidakta.

Lanbidea: artista plastikoa.

Eskulturgilea ez banintz... sukaldaria.

Lanetik ateratzean gogoko dut... terraza batean, kafe batekin, liburu bat lasai irakurtzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide