Hitz bitan

Sara Etxaniz: "Oso hiri kosmopolita da Marbella; guztia posible den burbuila"

Andoni Elduaien 2021ko aza. 2a, 10:06
Sara Etxaniz.

Sara Etxaniz (Azkoitia, 1987) duela 13-14 urte joan zen Azkoititik Marbellara (Andaluzia, Espainia) bizitzera. Orain, motorra eta gastronomia uztartu asmoz, jatetxe bat ireki berri du.

Marbellan bizi zara egun. Nola hartu zenuen hara joateko erabakia?

Ustekabeko kontua izan zen. Ikasketak amaitu nituenean, Galesera joan nintzen bidaian, eta han lagun bat ezagutu nuen. Hark aldian behin Marbellan egiten zuen lan, eta hara gonbidatu ninduen, Galesen hotz egiten zuela eta. Orduan erabaki nuen Marbellako bizitza ezagutzea eta probatzea. Senarra ezagutu, lanean hasi eta hona egokitu naiz.

Erraza izan al da hara egokitzea?

Hasieran kostatu egin zitzaidan; izan ere, joan- etorrian dabilen jende ugari bizi da hemen. Behin gustua hartu ondoren, eta trafikora ohitutakoan, ordea, bat gehiago naiz Marbellan.

Zer aldaketa nabaritu zenituen Marbellara iritsi zinenean?

Buru gainean oinetako edo loreontzi bat eraman arren, kalean inork ez dizu kasurik egiten, bakoitza bere munduan bizi da. Era berean, jendeari berdin dio nongoa zaren; oso hiri kosmopolita da Marbella; guztia posible den burbuila. Horregatik, jendea- rekiko konfiantza, lagunarteko uneak, kafe bat lasai hartzea, haurrarekin parkera joan eta beste umeekin harremanak egitea... Hori guztia oso zaila da.

Zerk harritu zaitu gehien hor?

Autoek, egia esan. Hona iritsi nintzenean, zer motatako ibilgailuak ikusten nituen zenbatzen aritzen nintzen; zenbat Lamborgini, Ferrari, Bentley...

Zer gomendio emango zenioke azkoitiar bati Marbellara joaten denerako?

Gure jatetxe-kafetegi berria bisitatzeko esango nioke lehenik [kar, kar, kar]. Horrez gain, jende asko joan ohi da Puerto Banusera; hura bisitatzeko gomendatu nieke.

Jatetxe berri bat ireki duzu.

Orain dela bi hilabete zabaldu genuen. Senarrak motorraren munduan diharduenez, motor kontuei lotutako jatetxe bat ireki dugu, oso gune onean. Autoen hagun esklusiboak ikus daitezkeen erakustoki bat ere jarri dugu; izan ere, luxuzko autoen tailer asko ditugu inguruan. Ekitaldiak ere egiten ditugu, gertu ditugu-eta Porsche klubak.

Azkoitian ere utziko zenituen atsegin zenituen gauzak. Zeren falta sumatzen duzu?

Aita eta familia, nola ez. Ama eta anaia Marbellan bizi dira orain, baina aitarekin zuzeneko harremana sarriago izatea gustatuko litzaidake. Egoten gara tarteka, baina ez da berdina. Halere, badakit Azkoitia ondo zaintzen ari dela, herri zaindari aparta dela. Bere hutsunea sentitzen dut, baita harremana dudan lagun batzuena ere. Gainera, faltan botatzen dut kalean jendeari kasu egitea, jendea ezagutzea...

Marbella oso leku turistikoa da. Nolakoa da turistekin bizi behar izatea?

Udan ikaragarri trabatzen dituzte bai errepideak eta bai aparkalekuak; edozertarako ilarak sortzen dira segituan. Urteak dira abuztuan Puerto Banusera joan ez garela, jende anabasa ikaragarria pilatzen baita.

Lehen Marbellan turista gehiago ibiltzen zela diote askok. Horrela al da?

Marbella beti izan da gune turistikoa. Abuztuan urteroko giroa eta zalaparta egoten da. Gainera, askok lana etxetik egin dezaketenez, gero eta gehiagok erabakitzen du bertan bizitzen gelditzea; urte guztian eguzkia bermatuta dute, ekitaldiak ere bai... Gune berriak eraiki eta eraiki ari dira Marbellan.

Azkoitira sarri etortzen al zara?

Urtean bi edo hiru aldiz saiatzen gara horra joaten. Ni ohitua nago Azkoitira, baina nire senarrak atsegin du horko natura, terrazan lasai egotea, gastronomia eta jendea. Gainera, bere amona ere euskalduna da, bilbotarra, eta horregatik, Euskal Herriarekiko lotura du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide