Bigarren urtez, ez dute mendi ganadu feriarik egingo Elosuan

Ane Olaizola 2021ko urr. 6a, 10:53

Iaz hasitako etena bigarren urtez luzatuko dute, azoka aurrera eramateko auzoan "lanerako indarra" falta dela sumatuta. Ikusteko dago aurrera begira zer gertatuko den, baina zuhur da Iñigo Zubeldia Elosuako auzo alkatea.

Urriaren 12a iristearekin batera, azken urteetan azkoitiar zein inguruko herritar ugarik hitzordu berezia izan ohi zuten Elosuan, hamarkadaz hamarkada mendi ganadu feria egin ohi baitzuten auzoan. Joan zen urtean, ordea, osasun egoerak hala bultzatuta, azoka bertan behera uzteko erabakia hartu zuen auzoko Elur Txiki Jai Batzordeak, eta urtebete beranduago, iaz hasitako etenaldia luzatuko dute, Elosuko XLII. Ganadu Feria izango zena ez egitea erabaki baitute antolatzaileek.

Iaz, COVID-19aren izurriteak eta hura kudeatzeko neurri zorrotzek behartu zuten Elosuako mendi ganadu feria bertan behera uztera, eta oraindik orain, osasun egoerak badu eraginik erabakia hartzeko orduan. Hala ere, ez da hori arrazoi bakarra izan, Iñigo Zubeldia Elosuako auzo alkateak jakinarazi duenez: "Egoera ez da batere ziurra, eta lanera etortzen diren boluntarioak zein auzotar asko adinekoak dira, eta ez daude batere animatuta. Batzuek beldurra dute, eta beste zenbaitek ez dute garbi ikusten panorama honetan azoka antolatzea; horiek diote egungo baldintzetan nahiago dutela azokarik ez egitea. Finean, ez dago lanerako indarrik, eta batzeko moduan ere ez gaude". 

Elosuarrek auzolanean antolatu ohi zuten urteroko azoka, eta duela urte batzuk, 80 pertsona inguruko lantaldea aritzen zen horretan. Auzo alkateak jakin badaki "nekeza" dela modu horretan halako egitasmo bat aurrera eramatea, baina hain justu, horixe izan da Elosuako feriaren funtsa. "Azokak zuen ezaugarri politena zen auzolanean egindako egitasmoa zela, auzoa pizteko eta auzoak berak diru pixka bat edukitzeko modu bakarra zen hori". Haren hitzetan, errazagoa litzateke erakundeek esku hartuko balute, baina azpimarratu du azoka ez litzatekeela "gauza bera" izango.

Etorkizuna, airean

Azken urteetan, auzoko giroa "itzali" egin dela nabaritu du Zubeldiak, eta horrek ere izan du eraginik bigarren urtez azoka ez egiteko erabakia hartzerakoan. Dena den, auzoa berpizteko asmoa ere badagoela azpimarratu du auzo alkateak, eta horretarako, gotzaindegiak utzitako etxean kultur ekitaldiak sustatu nahian dabiltzala aurreratu du: "Auzo sena berpizteko eta jendea auzora erakartzeko asmotan jardungo dugu, baina hori luzerako lana izango delakoan nago, eta ea poliki-poliki zerbait erakartzen hasteko moduan garen".

Bien bitartean, batek daki bi urtez eten den soka berriz lotuko ote den, baina "ilun" ikusten du geroa auzo alkateak. "Etorkizunean azoka egingo bada, ez dut ikusten auzoak aurrera ateratzeko gaitasunik izango duenik. Izan ere, hurrengo urtean urtebete zaharrago izango dira auzotarrak. Egia esan, zaila ikusten dut azokak jarraipena izatea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide