Beste hiru puntu batu ditu Anaitasunak

Nerea Uranga 2021ko urr. 2a, 19:54
Anaitasuna eta Urdulizen kontrako partida gaur, Txerloian. (Anaitasuna FT)

Espainiako gizonezkoen futboleko Hirugarren Mailako Azkoitiko taldeak 3 eta 0 irabazi du Txerloia futbol zelaian Urdulizen kontra. Etxean eta etxerako gorde ditu Anaitasunak gaur jokoan zituen hiru puntuak.

Hirugarren Mailako seigarren jardunaldiko partida jokatu du gaur, 17:00etan hasita, Anaitasunak Bizkaiko Urdulizen kontra. Partida ona egin dute Artetxek gidatutako mutilek.

Neurketa hasi eta berehala, zazpigarren minutuan, eduki dute lehen aukera gorrixek; Mikel Aramendik falta atera du, baina azken metroetan Markelek ez du lortu iristea. Etxekoen aldeko lehen gola Julen Aramendik sartu du; Mikel Ruizek botatako baloia atzelarien bizkarrera joan da, eta Anaitasunako aramenditar gazteenak bikain sareratu du baloia aurkarien atezainaren gainetik pasatuta. Hala, markagailuan 1-0 aurretik jarri da Anaitasuna.

Bigarren gola ere lehen zatian erdietsi dute gorrixek. Kasu honetan, Alexek sartu du, 22. minutuan; area kanpoan hartu du baloia Alexek, eta kontrakoen atean sartzea lortu du. Atsedenera iritsi aurretik, Urdulizekoen atean saiakera bat edo beste egin dituzte Anaitasunakoek, baina lortu ez eta 2 eta 0 iritsi dira atsedenera. Lehen zatian, txartel horia jaso du Anaitasunako Axik, aulkitik kexatzeagatik. "Lehen zatiko golek abantaila eman diote gorrixei, eta aukera gutxi egon arren, aurrean asmatu egin du Artetxeren taldeak", adierazi du Anaitasuna futbol klubak atsedenean.

Neurketaren bigarren zatia hasi orduko, epaileak txartel gorria atera dio Urdulizeko atzelariari; 65. minutuan hain zuzen. Bizkaiko taldeko futbolariek eduki dute gol aukera bat 74. minutuan, baina buruz jo duten baloia kanpora joan da. Handik sei minutura iritsi da Anaitasunakoen hirugarren gola. Axik sartu du hori; Xabiren pase luzea bikain eraman du Agirrek, eta area txikian zela, getariarrak gola oparitu dio Axiri. Segidan, epaileak txartel horia atera dio Mikel Ruiz gorrixen atezainari, sakea ateratzeko denbora gehiegi galtzeagatik.

Gustura gelditu dira Anaitasunakoak gaur arratsaldean etxean batutako beste hiru punturekin. Liga hasi zutenetik sei neurketa jokatu ditu Anaitasunak, eta gaurkoarekin hiru irabazi (Portugalete, Beti Gazte eta Urduliz) egin ditu, bi berdindu (Basconia eta Barakaldo) eta bat galdu (Durango).

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide