'65 + eguna: izen bat, mila izan' gehigarria argitaratu du gaur Urolako Komunikazio Taldeak

Maxixatzen.eus 2021ko urr. 1a, 12:33

Adinekoen Nazioarteko Eguna da gaur, urriak1, baina zer da adinekoa izatea gaur egungo gizartean? Urola Kostako datuak bildu dira gehigarrian, baita protagonista batzuen iritziak eta elkarrizketak ere: Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoarena, Maria Angeles Amenabar Helduak Adi elkarteko sortzaile azpeitiarrarena, eta Miguel Agirrezabal, Valentina Gomez eta Jose Manuel Herrero erretiratuena.

Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) –tartean da Maxixatzen– gehigarri berezia argitaratu du, 65+ eguna: izen bat, mila izan izenburupean. Gehigarria Urola Kostako Hitzaren harpideek etxean jaso dute gaur, eta online hemen irakur daiteke, baita deskargatu ere.

Zer da adinekoa izatea gaur egungo gizartean? Zer erronka ditu gizarteak arlo horretan? Egun honetako protagonistei eman zaie ahotsa gehigarriko orrietan, eta Urola Kosta eskualdeko hainbat datu ere bildu dira, baita herriz herrikakoak ere.

Hausnarketaz beteriko iritzia idatzi du, esaterako, Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun tekniko zumaiarrak; elkarrizketa egin zaio Helduak Adi adinekoen elkartearen sortzaile Maria Angeles Amenabar azpeitiarrari; eta hiru erretiraturen istorioak jaso dira: Valentina Gomez azkoitiarrarena, eta Jose Manuel Herrero eta Miguel Agirrezabal zarauztarrenak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide