Zabalik dago etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza eskatzeko epea

Anartz Izagirre 2021ko ira. 29a, 10:56

Eskaera aurkezteko azken eguna urriaren 29a, ostirala, izango da. Laguntza 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, mugikortasun urria edo/eta ezgaitasun absolutua duten pertsonei, bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonei eta 65 urtetik gorako pertsonei eta alargunei zuzenduta dago.

Azkoitiko Udalak etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntza ematen du, eta erakundeak adierazi duenez, dagoeneko egin daiteke eskaera. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei, mugikortasun urria edo/eta ezgaitasun absolutua duten pertsonei, bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonei eta 65 urtetik gorako pertsonei eta alargunei zuzenduta daude etxebizitzaren alokairua ordaintzeko laguntza horiek, eta urriaren 29a izango da eskaera egiteko azken eguna. 18 eta 35 urte bitarteko gazteen kasuan, derrigorrezkoa izango da aurrez Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programako laguntza eskaera egitea; hura lortu ezean udal laguntzak eskatu ahal izango dituzte.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatutako dokumentuari dagokionez, onuradunek hainbat baldintza bete beharko dituzte dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Esaterako, onuradun bakarra baldin bada, urteko diru-sarrera gordinek ezingo dute 27.000 euroko kopurua gainditu, eta bi onuradun edo gehiago izanez gero, urteko diru-sarrera gordinek ezingo dute 34.000 euroko kopurua gainditu. Bestalde, onuradunen eta errentatzaileen artean ezin izango da inolako familia loturarik izan, alokairu errentak gehienez 550 euro izan beharko dute eta ez da onartuko urtebete baino iraupen txikiagoa duen kontraturik. Oinarri espezifikoetan kontsulta daitezke dirulaguntza eskatzeko baldintza guztiak. Bertan ikus daiteke, halaber, diru-sarreren arabera onuradunek jasoko luketen zenbatekoa ere.

Dirulaguntza eskaera egiteko honako eskaera orria bete beharko da bertan zehazten diren agiriak erantsita. Laguntza horiek jaso nahi dituzten pertsonek, deialdian jasotakoari jarraiki, Azkoitiko Udalaren Herritarren Arreta bulegoan (Herriko Plaza z/g) eta udalaren webgunean eskuragarri jarriko den eskabide eredu ofiziala aurkeztu beharko dute. Informazio gehiago behar duenak, Azkoitiko Udalaren webgunean topa dezake informazio guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide