Puntu banarekin etxera

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 26a, 20:31
(Argazkia: Anaitasuna)

Anaitasunako talde nagusiek kanpoan jokatu dituzte asteburu honetako partidak: emakumeek, atzo arratsaldean, Añorgan; eta gizonek, gaur arratsaldean, Barakaldon. Porrotik ez, baina garaipenik ere ez dute erdietsi oraingoan, eta zapore gazi-gozoarekin itzuli dira etxera, batez ere mutilak.

Anaitasunako emakumezkoen lehen taldeak atzo arratsaldean jokatu zuen ligako bigarren jardunaldiari zegokin partida, Añorgan. Lehen zatiaz, kontatzeko gutxi; bi taldeak saiatu ziren arren, gol aukera garbirik ez zuten sortu, eta markagailua hutsean berdinduta zela iritsi ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatiari, berriz, hasiera eskasa eman zien azkoitiarrek. Zazpigarren minutuan Loreak zelaia utzi egin behar izan zuen min hartuta, eta handik hiru minutura gola egin zuten etxekoek. Aurrean baloia lapurtu, eta area ertzetik, postea jo eta barrura. Gauzak maldan gora jarri zitzaizkien gorrixei. 

Dena dela, ez zuten etsi, eta 75. minutuan ereindakoa jasotzea egokitu zitzaien Anaitasunako neskei. Etxekoek azkoitiarren korner jaurtiketa bat urruntzea lortu zuten arren, Irantzuk baloia berreskuratzea lortu zuen, eta area kanpotik egindako jaurtiketa zuzenean aukarien sareetara bota zuen. Horrenbestez, banako berdinketarekin iritsi ziren norgehiagokaren bukaerara, eta beraz, puntu banarekin itzuli ziren etxera.

Jokatu dituzten bi partidak berdinduta, bi puntu dituzte Anaitasunako emakumeek, eta gaur-gaurkoz, Euskal Ligako sailkapeneko zortzigarren lekuan daude. Datorren astean atsedenaldia izango dute gorrixek. Bi aste barru, Aurrera Vitoria taldearen kontra neurtuko dituzte indarrak, etxean. 

Lasai hasi, estu bukatu

Gizonezkoen talde nagusiak, berriz, gaur arratsaldean jokatu du Espainiako Hirugarren Mailako ligako bosgarren jarduraldiari zegokion partida. Barakaldo izan du aurkari, Lasesarre futbol zelaian. 

Lehen zatian lasai zelairatu dira bi taldeak. Lehen minutuetan etxekoek erraztasun handiagoa erakutsi dute aurkariaren areara gerturatzeko, baina azkoitiarrek berehala ekin diote erasoari, eta laster sortu dute lehen gol aukera. Izaren erdiraketa bihurritu egin da, eta atezainak kornerrera bidali du baloia. Handik gutxira izan du bigarren aukera Anaitasunak, baina Julen Aramendiren jaurtiketa ere kornerrera bota du Barakaldoko atzelari batek. 

Golaren bila gogotsu jardun dira Xabier Artetxeren mutilak, saiatu eta saiatu, halako batean asmatu duten arte. 35. minutuan, atezainaren aurrean gelditu da Julen Aramendi, eta ezkerrez ez du huts egin; zutoina jo eta barrura. Handik hamar minutura etorri da bigarrena, eta bigarrenaren egilea Mikel Aramendi izan da. Area barruko aldaratze bat baliatu du oraingoan, eta ezkerkada sareetara. Horrenbestez, markagailua 0 eta 2 zela iritsi dira atsedenaldira. 

Bi goleko abantailak bigarren zatiari beste lasaitasun batekin heltzeko aukera eman die gorrixei, bainak minutuek aurrera egin ahala, gauzak okertu egin zaizkie. Aukerak sortzen jarraitu duten arren, ez zuten asmatzen jokaldiak bukatzen, eta Barakaldoak izan dira gola egin dutenak. 68. minutuan, korner jaurtiketa baten ondotik etorri da etxekoen aurrena; eta 84.ean, bigarrena. Eta gauzak are gehiago estutzeko, 90. minutuan etxekoen alde penaltia agindu du epaileak. Anaitasunakoen lasaitasuna baloiak zutoina jo duela ikusi dutenean. Horrela bada, binako berdinketarekin iritsi dira norgehiagokaren bukaerara, eta bi taldeak puntu banarekin itzuli dira etxera. 

Bost jardunaldiren ostean, zortzi puntu dituzte gorrixek eta sailkapeneko zazpigarren postuan dira. Datorren asteburuan Urdulizen kontra neurtu beharko dituzte indarrak, etxean, Txerloia futbol zelaian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide