Urola ibaira eskuoihal higienikoak isuri dituztela salatu du Eguzkik

Anartz Izagirre 2021ko ira. 26a, 10:41
Gainezkabidetik Urola ibaira isuritako eskuoihal higienikoak eta konpresak, Bizkargi kalean. (Eguzki)

Bizkargi kaleko gainezkabide batean isuri dituzte hondakinak erakunde ekologistaren arabera, eta horiek eragin ditzaketen kalteen inguruan ohartarazi ditu herritarrak. Komunetik "ezer ez botatzeko" eskatu dute.

Eguzki erakunde ekologistak egiaztatu ahal izan duenez, gainezkabide batetik hondakinak isuri dituzte beste behin Urola ibaira, eta Bizkargi kaleko irudiak bidali ditu taldeak Maxixatzenera. Kasu honetan, zapi higienikoak direla nabarmendu dute, eta konpresak zein bere itsasgarriak ere badaudela azpimarratu dute. "Eskuoihal higienikoei dagokienez, gaur egun gero eta gehiago erabiltzen dira gutako askoren artean; eskuak, haurrak eta abar garbitzeko erabiltzen dira. Etiketan biodegradagarriak direla adierazten du, baina eskuoihaltxoen izaera kaltegarria da zelulosarekin edo ehunekin (kotoia, adibidez) nahastutako poliesterra edo polietilenoa konposizioan sar dezaketelako, horrela, denbora luzez desintegratzea zailduz. Beraz, hondakin solido gisa kudeatu beharko lirateke eta ez lirateke komunera bota beharko", azaldu du erakunde ekologistak.

Era berean, nabarmendu dute eskuoihal horiek hodietan zehar egiten den ibilbidea ildaskatu egiten dutela, eta txirikordatu egiten direla: "Arazoa areagotu egiten da euria edo ekaitza egiten duen egunetan; izan ere, eskuoihal horietako asko hodietan geratzen dira, eta saneamendu sarean ur emaria handitzen denean tapoiak sortzen dira. Egun horietan ohikoagoa da ponpen buxadurak eskuoihalekin betetako ur beltzak isurtzea, eta, kasu honetan bezala, ibilgua eta haren ertzak kutsatzea. Hala ere, paper higienikoak, zelulosaz eginak, ez du arazorik sortzen zentzu horretan, denbora laburrean desintegratzen baita".

Hori dela eta, Eguzkik komunetik behera "ezer ez botatzeko" eskatu die herritarrei; esaterako, eskuoihal higienikoak, olioak, konpresak, tanpoiak, etxeko koipeak, preserbatiboak, zigarrokinak, plastikozko bilgarriak, janari hondarrak zein botikak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide